HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 22

Aldi hartan, Jesusek berriro parabola bidez hitz egin zien apaizburuei eta herriko zaharrei: «Zeruetako erreinuarekin bere semearen ezteiak ospatu zituen erregearekin bezala gertatzen da. Bidali zituen morroiak gonbidatuei dei egitera, baina haiek ez zuten etorri nahi izan. Berriro beste morroi batzuk bidali zituen mandatu honekin: “Esaiezue gonbidatuei: Hara, gertu daukat bazkaria; hilak ditut zezenak eta zekor gizenduak, prest dago dena. Zatozte ezteietara”. Baina gonbidatuek ez zioten jaramonik egin: bata bere lurretara joan zen, bestea bere negozioetara eta gainerakoek, morroiei heldurik, irainez bete eta hil egin zituzten. Haserretu zen erregea eta, bere soldaduak bidaliz, hil egin zituen hiltzaile haiek, eta su eman haien herriari.

Gero, bere morroiei esan zien: “Ezteiak prest daude, baina gonbidatuak ez ziren gai. Zoazte, bada, bidegurutzeetara eta deitu ezteietara aurkitu ahala guztiak”. Atera ziren morroiak bideetara eta aurkitutako guztiak bildu zituzten, on nahiz gaizto. Eztei-gela bazkaltiarrez bete zen. Erregeak, bazkaltiarrak ikustera sartu zenean, eztei-jantzirik gabe zegoen bat ikusi eta esan zion: “Adiskide, nolatan sartu zara hona eztei-jantzirik gabe?”. Hark hitzik ez. Erregeak mahai- zerbitzariei esan zien, orduan: “Esku-oinak lotu eta bota ezazue kanpora, ilunpera; han izango da negarra eta hortz-karraska!”. Zeren gehiago baitira deituak, aukeratuak baino».

Mateo 22, 1-14.

Garai hartako judu batentzat Jainkoaren erreinua inoiz ezagutu gabeko baina bihotzez esperotako errege zintzo baten pertsonifikazioa edo gauzatzea zen. Eta haientzat errege zintzo edo justu izatea ez zen legea inpartzialtasunez banatzea baizik, ezinduei, ahulei eta txiroei laguntzea eta haiek babestea. Jainkoaren erreinuaren etorrera erregetza bidegabeetatik askatuko zituen itxaropen bezala bizi zuten, salbazio itxaropen bezala.

Jesusentzat Jainkoaren erregetza gauzatzea bere helburu nagusi bihurtu zen. Eta erregetza hori mila eratara agertzen saiatu zen parabola bidez; txikiei eta baztertuei itxaropenez betetako parabolak kontatuz; eta nagusiei bizi berri horretatik kanpo geratzeko arriskuaz ohartuz.

Maiz erabiltzen du gainera ezteien eta bazkaldarren irudia. Izan ere, Jesusentzat Jainkoaren Erregetza senidetasunean ogia elkarrekin banatzea baita, Jainko Aitaren seme-alaba bezala. Eta Jainko Aitaren mahai horretara bildu nahi ditu galduak, baztertuak, inoiz horrelakorik espero ez zutenak…

Baina tamaina horretako eskaintzari bada ez ohartuarena egiten dionik, muzin egiten dionik, haserrez jasotzen duenik… eta bada eskubidetzat hartzen duenik, ezteietarako behar bezala prestatu gabe.

Eta guk horrelako eskaintza galduko dugu, ala jantzi dotorez eta alaitasunez prestatuko gara?

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude