HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 21
Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien ikasleei: «Zeruetako erreinuarekin mahasti-nagusiarekin bezala gertatzen da. Goizean goiz bere mahastirako langile bila atera zen. Eguneko lansaria zilarrezko txanpon batean hizketatu ondoren, mahastira bidali zituen langileak. Goizeko bederatziak aldera berriro atera zen eta, beste batzuk plazan lanerako zain ikusirik, esan zien: “Zoazte zuek ere nire mahastira eta ordainduko dizuet bidezko dena”. Eta haiek ere joan ziren. Atera zen berriro hamabiak aldera eta hirurak aldera, eta gauza bera egin zuen. Arratsaldeko bostak aldera ere atera zen eta, beste batzuk oraindik geldi aurkiturik, esan zien: “Zertan zaudete hemen egun osoan lanik egin gabe?”. Haiek erantzun zioten: “Ez gaitu inork hartu lanerako”. Hark, orduan: “Zoazte zuek ere nire mahastira”.
Iluntzean mahasti-nagusiak esan zion arduradunari: “Deitu langileei, eta emaiozu bakoitzari bere soldata, azkenekoetatik hasi eta lehenengoetara”. Etorri ziren, bada, arratsaldeko bostetakoak, eta zilarrezko txanpon bana hartu zuten. Lehenengo ordukoek, txanda iritsi zitzaienean, besteek baino gehiago hartuko zutela uste zuten; baina haiek ere zilarrezko txanpon bana hartu zuten.
Orduan, nagusiaren kontra gaizki esaka hasi ziren, eta esan zioten: “Azkeneko hauek ez dute ordubete besterik lan egin, eta gurekin berdindu dituzu, egun osoko nekea eta beroa jasan dugunokin”. Baina nagusiak erantzun zion haietako bati: “Adiskide, ez dizut bidegabekeriarik egiten. Ez al ginen zilarrezko txanpon batean hizketatu? Tori dagokizuna eta zoaz. Zuri bezainbat eman nahi diot azkeneko honi ere. Ezin ote dut neure diruaz nahi dudana egin? Ala inbidia duzu, ni ona naizelako?”. Horrela, bada, azkenekoak lehenengo izango dira eta lehenengoak azkeneko».
Mateo 20, 1-16.
Astirik baduzu behintzat, patxadaz gera zaitez gaur Jainkoak zuzentzen digun hitz honen aurrean.
Begira nola mahasti jabea behin eta berriz ateratzen den plazara, behin eta berriz langile bila, behin eta berriz inor plazan eskuak poltsikoan dituela utzi nahi gabe.
Begira baita nola dauden langileak mahastian, beroa eta nekea jasaten, eta tarteka-tarteka langile gehiago etortzen diren, eguneko azken ordura arte.
Begira nola egiten den iluntzean eguneko soldataren partiketa. Ikusi batzuen poza egun osoko soldata jasotzean eta besteen ilusioa gehiago jasoko dutela pentsatzean. Begira baita azken horien barruak nola mintzen doazen, bekaizkeriaz betetzen, eurek ere besteen soldata bera jasotzen dutela ikustean. Eta barne min horiek nagusiaren portaera dute sorburu.
Begira orain mahasti jabeari. Begira haren joan-etorriei. Egun osoan lanean inor lanik gabe gera ez dadin. Eta egunaren amaieran, bakoitzari bere jornala ematean, pozik guztiek saria izango dutelako. Pozik egun osoa lanik gabe egon direnak sariaz gozatzen estrainekoak direla ikustean.
Begira azkenik zeure buruari. Mahasti jabearen jokaerak poza eta goresmena sortu dizkizu?, harritu egin zaitu haren eskuzabaltasunak eta guztiekiko ardurak?, ala zer pentsatua sortu dizu jokamolde horrek eta bestelako azalpenak behar dituzu?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments