HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 20

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Benetan diotsuet: aberatsa nekez sartuko da zeruetako erreinuan. Berriro diotsuet: jostorratzaren begitik gamelua igarotzea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino». Hitzok entzutean, ikasleek, zeharo harriturik, honela zioten: «Nor salba daiteke, orduan?». Jesusek begira-begira jarri eta esan zien: «Gizakiarentzat ezinezkoa da hori, baina Jainkoak dena dezake». Orduan, Pedrok esan zion: «Hara, guk dena utzi dugu, zuri jarraitzeko. Zer izango da guretzat?». Jesusek erantzun zien: «Benetan diotsuet: Jainkoak mundu hau eraberritzean eta Gizonaren Semea bere aintzazko tronuan esertzean, zuek ere, nire jarraitzaileok, hamabi tronutan eseriko zarete, Israelgo hamabi leinuak epaitzeko. Eta nigatik etxea, senideak, aita, ama, seme-alabak edota lurrak uzten dituenak, ehun halako hartuko du eta betiko bizia jasoko ondare. Orain lehenengo diren asko azkeneko izango dira, eta orain azkeneko direnak lehenengo».

Mateo 19, 23-30.

Zeinen zaila egiten zaigun Jesusi ulertzea! Geure buruak subirau nahi ditugu, erabat autonomo eta gai. Horregatik Jesusen “gizakiarentzat ezinezkoa da salbatzea” onartezina egiten zaigu, atzo esan bezala, era batera edo bestera horretan saiatzen garelako. Baina Jesusen hitzok berdin balio digute bai aberatsarentzat eta bai guztia utzi duenarentzat: ezin dugu geure burua salbatu!

Gaur egun, denok pentsatzen dugu Jainkoa Aita dela eta guztiok maite gaituela, eta Jainkoa maitasuna dela… beraz, salbatzea, Jainkoarekin bat eginik bizitzea, normaltzat ematen dugu, ia eskubidetzat hartzen dugu. Ez zaigu iruditzen merezi gabeko kontua denik ere.

Baina pentsakera horrek Jainkoagandik erabat urrundu baino ez gaitu egiten. Inoiz ez dugu izango gizaki “txar” batek, ezer ez duela merezi dakien batek, Jainkoaren maitasuna ezagutzean jasotzen duen bizia, ez dugu inolaz jakingo hori zer den. Ebanjelioetan, fedearen esperientzia dutenak, sinistea bizi dutenak, merezi gabeko “keinuren” bat, “mirariren” bat jaso dutenak izaten dira: “zure fedeak salbatu zaitu”.

Gure pentsakera “onarekin” Jainkoaz ezer ez ulertzeko arrisku bizia dugu. Eta Jainkoaren Erreinuak sortzen duen alaitasunaz ez ohartzeko, ez enteratzeko, arrisku handia.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude