HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 16

Aldi hartan, fariseu batzuk hurbildu zitzaizkion Jesusi eta, zertan harrapatuko, galdetu zioten: «Zilegi al zaio gizonari bere emaztea edozein arrazoirengatik uztea?». Hark erantzun zien: «Ez al duzue irakurri Liburu Santuak dioena? Hasieratik Egileak gizaseme eta emakume egin zituela, alegia, eta esan zuela: “Horregatik, gizasemeak bere aita-amak utziko ditu eta bere emaztearekin elkartuko da, eta biak bat izango dira”. Beraz, aurrerantzean ez dira bi, bat baizik. Horrela, bada, Jainkoak bat egin duena ez beza gizakiak banatu». Haiek galdetu zioten: «Zergatik eman zuen, bada, Moisesek dibortzio-agiria idatzi eta emaztea uzteko baimena?». Jesusek erantzun zien: «Zeuen burugogorkeriagatik eman zizuen Moisesek emaztea uzteko baimena; baina hasieran ez zen horrela. Hau diotsuet: bere emaztea utzi –legearen kontra elkartuak ez badira behintzat– eta beste batekin ezkontzen denak, adulterioa egiten du». Ikasleek esan zioten orduan: «Baldin horrelakoa bada senar-emazteen arteko lotura, ez du merezi ezkontzea». Jesusek erantzun zien: «Ez dira denak hori onartzeko gai, Jainkoak gai egiten dituenak baizik. Batzuk ez dira ezkontzen, jaiotzaz ezin dutelako; beste batzuk giza eskuz ezinduak izan direlako; beste batzuk, berriz, zeruetako erreinuagatik hala erabaki dutelako. Onar dezakeenak onar beza».

Mateo 19, 3-12.

Mateoren ebanjelioaren pasarte honek espazio kritiko bat eskaintzen du emakumeek I. mendeko testuinguru patriarkalean bizi duten egoera aztertzeko eta berriz ere nagusi diren arau sozialekiko Jesuren subertsioa antzemateko.

Farisear direnek ez dituzte egia, ongia eta ederra xede, euren estatusari eusteko amarrua eta beita baizik. Sasoi hartako gizarte juduan emakumeek duten kalteberatasun juridiko eta soziala islatzen du. Emakumeek ez zuten nortasun juridikorik, eta, oro har, aitarekin, neba nagusiarekin edo senarrarekin zuten harremanak ematen zien babesaren eta estatusaren mende zeuden erabat. Arbuiatuak izateak babesik gabe eta pobreziaren, bazterkeriaren (prostituzioa kasu) eraginpean geratzea esan nahi zuen.

Jesuk ordea, gizarte eta sasoi bakoitzeko ohiturez eta arauez gaindi, egia, ongia eta ederra ditu abiapuntu eta helburu: gizon eta emakumeen funtsezko berdintasuna nabarmentzen du, erronka egiten dio gizonek emazteak arbuiatzeko erraztasunari, emakumeak egoera oso prekarioan uzten zituen praktika bat irauliz, buru/bihotzaren gogorkeria salatuz. Gaitzetsi eta errefusatzearen praktika oin-harri gabe jartzeaz gain, ezkontzaren ideal jainkotiarrari buruzko hausnarketa ere egiten du, non emakumeak ez diren erabili eta botatzeko objektuak (ezta inolako pertsona ere!), baizik eta errotiko batasunean berdinak diren lagunak.

Ikasleek: baldintza horietan “hobe ez ezkontzea”; Jesuren irakaspenen errotikoa: pertsonen arteko harremanez (gizon-emakumeen artekoak barne) bestelako ideia baduzu, porrota dukezu zain, ez has. Kasu zehatz honetan, emakumeak (ez bakarrik) zapaltzen dituen lege- eta gizarte-sistema baten aurkako jarrera iradokitzen, eskatzen du, harreman molde bidezkoago baterako deia eginez, unean-uneko muga kultural eta legalak gainditzen dituen interpretazio inklusiborako atea irekiz. Pasarte honek, I. eta XXI. mendeko patriarkatua kritikatzeaz gain, justizia eta elkarrekiko errespetua funtsezkoak diren berdinen komunitate baten alde ere egiten du. Jainkoak horretarako gai egin gaitzala!

Emakumearen ahotsak durundi,
ez oihartzun isildu,
berdintasun eta justizia kantu.
Ebanjelio.

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude