HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 15
Aldi hartan, Maria jaiki eta bizi-bizi mendi aldera joan zen, Judeako herri batera, eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin zion. Mariaren agurra entzun zuen orduko, jauzi egin zion Elisabeti haurrak sabelean. Elisabet Espiritu Santuaz bete zen, eta esan zuen oihu handiz: «Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua. Nor naiz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko? Zure agurra nire belarrietara iritsi orduko, jauzi egin dit haurrak pozez sabelean. Zorionekoa zu, Jaunak esan dizuna beteko dela sinetsi duzulako!». Mariak esan zuen: «Handiesten du nire arimak Jauna, pozaren pozez daukat neure barrua, Jainkoa baita nire salbamena, ikusi baitu mirabe honen ezereztasuna. Horregatik, dohatsu deituko naute gaurdanik gizaldi guztiek, handiak egin baitizkit Ahalguztidunak; santua da haren izena, eta haren errukia gizaldiz gizaldi begirune diotenengana. Bere besoaren indarra erabili du, buru-harroak suntsitu ditu; bota ditu beren aulkietatik ahaltsuak, eta gora jaso ditu ezerezak; ondasunez bete ditu gose zeudenak eta esku-hutsik bidali aberatsak. Lagun etorri zaio bere morroi Israeli, bere errukiaz oroiturik; hala zien gure gurasoei hitzemana, Abrahami eta ondorengoei betiko esana». Mariak hiru hilabete inguru egin zuen Elisabetekin; gero, etxera itzuli zen.
Lukas 1, 39-56.
Haurtzaroko Ebanjelioak deritzenak: Jesuren jaiotzaren iragarpena, jaiotza bera eta haurtzaroa barnebiltzen dituztenak. Kontakizun historikoa baino, eraikin teologikoa dugu Lukasen hau, kristau komunitatean bizia, jasoa eta harentzat oso esanguratsua. Semeaz ez da oraindik erditu, baina Semearen Espiritua osorik du dagoeneko barne-muinean, pozaren pozez barrua, bizi-bizi.
Hara Maria profeta, Ama eta jarraitzailearen eredu, hasieratik barruan hazi, beta behar izan zenuen jabetzeko, ulertzeko, onartzeko, bat egiteko…, gure kabi, zu argi, lagun iezaguzu ausarki!
Magnificat, Maria bedeinkatua kantari:
Munduko Herrietako Elisabet guztiak, elkar zaitezte, zuok historiaren protagonista ikusgarri!
Espiritu Santuz beterik, justizia jainkotarra egin aldarri!
Hankaz gora jarri Erreinuaren traizioa diren tradizio-rolak!
Eraitsi itzazue errotik egitura patriarkal, zanpatzaile eta hierarkikoak!
Zapalduen bindikazioaren ordua iritsi da, ospa dezagun!
Baztertutako harria, giltzarri!
Harro eta aberats, bide-gaitz, boterea baino apal-hats!
Gosetu, aizu, lehenik zu!
Israel, non da anaia?
–Ez dakit. Anaiaren zaintzaile ote naiz, bada, ni?
Zer egin duk/n? Hire neba-ahizparen odola lurretik oihuka ari zaidak/n. (Has 4, 9-10)
Miserikordia eta itxaropena. Eralda, eutsi, askapenaz eta ekitateaz ez etsi!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments