HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 14
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Zure senideak bekatu egiten badu zure aurka, zoaz beragana eta zentzarazi bakarrean. Jaramon egiten badizu, irabazia duzu senidea. Jaramonik egiten ez badizu, berriz, har itzazu zeurekin lagun bat edo bi, auzia bi edo hiru lekukoren aitorpenaz erabaki behar da eta. Hauei ere jaramonik egiten ez badie, esaiozu elkarteari, eta elkarteari ere jaramonik egin nahi ez badio, izan bedi zuretzat jentil edo zergalari baten pareko. Benetan diotsuet: zuek mundu honetan lotua, zeruan ere lotua geldituko da, eta zuek mundu honetan askatua, zeruan ere askatua. Beste hau ere badiotsuet: zuetako bik elkar hartzen badute mundu honetan Jainkoari zerbait eskatzeko, emango die zeruko nire Aitak. Izan ere, nire izenean bizpahiru lagun bilduak dauden tokian, han naiz Ni haien artean».
Mateo 18, 15-20.
Irakurria dugunez, egindako edozein kalteren ‘zuzenbide’ Talioi legea izeneko jokabide arauaren (“…bizia eman beharko du biziaren ordain, begia begiaren ordain, hortza hortzaren ordain…”, ikus Ir 21, 23-25) helburua, behialako mendekuri eta indartsuenaren legeari mugak jartzea zen (irakur Has 4, 23-24); zigorra, eginiko kaltearen neurrikoa izatea, ez handiagoa, gizarte-elkarbizitzarako aurrerapausua, Justizia/Zuzentasun pentsamolde hobekuntza nonbait.
Ezin uka halere, kristau sentiberatasuna, alegia, Nazareteko Jesuren espiritua gailen garenetan, halako basakeria kutsua hartzen diogula oraindik pertsonen arteko jokamolde horri, Talioi legeari. Ezin bestela izan: kalte-egilearen bihotz-berritzea eragin dezakeen barkamena da berea, baita kaltetuarena ere!
“…eta barkatu gure erruen zorra, guk ere geure zordunei barkatu diegunez gero” (Mt 6,12)
“Orduan, hurbildu zitzaion Pedro Jesuri eta galdetu zion:
–Jauna, senide batek bidegabekeriaren bat egiten badit, zenbat aldiz barkatu behar diot? Zazpi aldiz?
Jesuk erantzun zion:
–Zazpi aldiz ez, zazpi milatan zazpi aldiz . (Mt 18 21-22 )
“Eta otoitzean ari zaretela, barkatu inoren kontra ezer baduzue, zeruko Aitak ere zeuen hutsegiteak barka diezazkizuen.(Mk 11, 25)
…
Arin eta sarriegi jotzen al dugu auzitara, Auzitegira? Ala Talioi legera, are mendeku makurrera? Zer berri nire bihotzean? Nola joka egunerokoan?
Elkar gaitezen zu eta ni, hiru edo bi, edo hobe dei egiezu hamaikari!, Jesu gure artean dagoelarik, Jainkoari zerbait eskatzeko: bihotz-berritzea dakarren barkamena. Loturik geldi bedi, askatua auzi!
OHARRA SUDURRETIK: ez diot testuko honako honi Jesu Kristoren Espirituaren usaina hartzen: ”izan bedi zuretzat jentil edo zergalari baten pareko”. (Nahi duenak, argigarri, irakurgai ditu atzoko ebanjelioa eta iruzkina)
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Hitz itsusiak dirudite gaur, bai, baina bakea aldarrikatzen dute, ez al da hala? Zure iruzkinarekin bat datoz hitz horiek. Barkamena eta bakea beti: baita barkamen horretatik kanpo (eta elkarte horretatik kanpo) geratu nahi duenari. Eskerrik asko!