HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 12
Aldi hartan, Galilean zehar zebiltzala, esan zien Jesusek ikasleei: «Gizonaren Semea gizakien esku utziko dute; hil egingo dute, baina hirugarren egunean piztuko da». Ikasleak oso nahigabeturik gelditu ziren. Kafarnaumera iritsi zirenean, tenplurako zerga biltzen zutenek Pedrorengana joan eta esan zioten: «Zuen maisuak ez al du tenplurako zerga ordaintzen?». «Bai», erantzun zien. Pedro etxeratu zenean, Jesusek aurrean jarri eta esan zion: «Zer deritzozu, Simon? Munduko erregeek zeinengandik hartzen dituzte zergak edo kontribuzioak, etxekoengandik ala arrotzengandik?». Pedrok erantzun zion: «Arrotzengandik». Jesusek, orduan: «Etxekoak libre daude, beraz. Halaz guztiz ere, inori zeresanik ez emateko, zoaz itsasora, bota amua eta hartu lehenengo aterako duzun arraina; ireki iezaiozu ahoa, eta biren zerga ordaintzeko dirua aurkituko duzu. Hartu eta ordaindu zuri eta bioi dagokiguna».
Mateo 17, 22-27.
Neurri eta kolore desberdinetako heriotza txikiak bizi ditugu, mina eta dolua dakarzkigunak, bizi/poz-aldi sendo, bete eta trinkoekin batera, bukaera dutenak ordea, eta horregatik, sufrimendu-iturri ohi zaizkigunak, nahigabetu egiten gaituztenak, oinaze-lorratz; nola ukatu?
Zein azken hitza? Heriotza ala Bizitza? Hirugarren egunean piztuera, alegia, behin eta betiko Bizia? Zer esan nahi du horrek, nola ulertu behar dut hori? Kezkatu behar al nau horrek, zer pentsaturik eman niri orain eta hemen? Ba al du horren larriak zentzurik? Ez al liteke hori nireganako Nia-ren begirada kiribildu nartzizista huts alperrekoa? Horixe al da nire benetako izatea, galtzeko beldurra, ikara, izua… eragiten didana, ala horixe fikzio kognitibo barne-liluratu itxia (Hybris) besterik ez dut, Modernitatearen paroxismoak ekarri digun Ni indibidularen eldarniozko sakralizazioa?
Nekaldi eta krisi zein porrot txiki eta gorenaren ostean Aintza bizitzea espero dezakegu?
Ez al da alderantziz izango Jesuren jarrai-bidean? Hurkoekiko elkartasun eta justiziaren amoreagatiko gurutze-bide gaberik, litekeena al da benetako argia, zinezko maitasuna, bizi betea? Ikasle lez, ikasbidea dut Jesuren bidea; ni erne, lagun dakidan.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments