HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 11

Aldi hartan, Jesusen kontra marmarka hasi ziren entzuleak, «Ni naiz zerutik jaitsitako ogia» esan zuelako, eta hau zioten: «Ez al da, ba, hau Jesus, Joseren semea? Ez al ditugu, ba, ezagutzen honen aita-amak? Nolatan dio, orain, zerutik jaitsia dela?». Jesusek erantzun zien: «Ez ari marmarka zeuen artean. Ezin da inor nigana etorri, bidali nauen Aitak erakartzen ez badu. Eta Nik piztuko dut azken egunean. Hau dio profeten liburuak: “Jainkoaren ikasle izango dira denak”. Aitari entzun eta hark irakatsia bereganatzen duena nigana dator. Horrek ez du esan nahi inork Aita ikusi duenik; Jainkoagandik etorri denak bakarrik ikusi du Aita. Egi-egiaz diotsuet: Sinesten duenak betiko bizia du. Ni naiz bizia ematen duen ogia. Zuen gurasoek mana jan zuten basamortuan eta, hala ere, hil egin ziren. Bestelakoa da zerutik jaisten den ogia; honetatik jaten duena ez da hilko. Ni naiz zerutik jaitsia den ogi bizia; ogi honetatik jaten duena betiko biziko da. Eta Nik emango dudan ogia nire haragia da, mundua bizi dadin emana».

Joan 6, 41-51.

“Marmarka ari ziren”… Jesus “ezagutzen” zuten, bere aita-amak ere bai… eta honek itsutu egin zituen… hori da aurreiritziek lortzen dutena. Gure zentzumenak itsutu egiten dituzte, eta lagun-hurkoa entzuteko aukera galtzen dugu.

Nahikoa ez eta besteei zer ikusi behar duten esaten diegu: “Ez al da, ba, hau Jesus, Joseren semea?”. Itsua gidari bihurtzen da… zenbat itsu gure inguruan ikusten uzten ez dutenak… zenbat aldiz aritu gara gu ere marmarrean, besteei zer ikusi behar duten adieraziz…

Eta horretan Jesusen hitzak: “Ez ari marmarka zeuen artean”.

Gure aurreiritzien ahotsak ez baditugu isiltzen nekez entzungo dugu, nekez jakingo nor den gure lagun hurkoa, nekez ulertuko ditugu Jaunaren hitzak… ahotsak isiltzen baditugu berriz, deskubrituko dugu Jesus dela gure Ogi-Bizia, asetzen gaituena, guretzat Bizi dena, gu besteentzat bizi izan gaitezen.

Ez aritu marmarrean, eta lagun hurkoa inguratzen zaizunean isil itzazu zure aurreiritziak, ireki berriz belarriak; Jainkoak hitz egiten du eta, bai otoitzean, baita ere lagun hurkoaren bitartez.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude