HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 10

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Egi-egiaz diotsuet: Gari-alea, lurrean erori eta hiltzen ez bada, bera bakarrik gelditzen da; baina, hiltzen bada, fruitu asko ematen du. Bere bizia maite duenak galdu egingo du; baina mundu honetan bere bizia gutxiesten duenak betiko bizirako gordeko du. Nire zerbitzari izan nahi duenak jarrai biezat eta, Ni nagoen tokian, han izango da nire zerbitzaria ere. Nire zerbitzari dena ohoratu egingo du Aitak».

Joan 12, 24-26.

Gaurkoan maitasunaren fruituaz ari da ebanjelio-pasartea, eta argi dago honek heriotza eskatzen duela; heriotza bai, zerbitzari bihurtzeko. Nik nahi dudana, nik pentsatzen dudana, nik sentitu dudana, nire harrokeria, nire arrazoiak, nire desioak… Ni, ni eta ni… eta konturatzen ez bagara ere, ni horren atzean beti loturaren bat egoten da, eta lotura dagoen lekuan non geratzen da bestea? Nola eman fruitua nigan ni besterik ez dagoenean, hau da, lotura besterik ez dagoenean?

Jesusen jarraitzailea izan nahi baduzu besteari lekua egitea tokatzen zaizu eta hau ez da batere erraza. Zenbaitetan pentsatzen dugu leku egite honek nortasunaren galera dakarrela, obeditu besterik ez zaigula geratzen, lagun-hurkoa beti gainetik jarriko dela… eta ahaztu egiten zaigu leku egitea ditugun loturetatik askatzea dela.  Orduan ulertuko dugu zer den zerbitzari izatea, askatuz lagun-hurkoa maitatzeko gaitasuna berreskuratzen dugunean.

Une aproposa ditugun loturaz jabetzeko, bizitzan zenbat leku okupatzen duten ikusiz, askatuko gaituen maitasunez betetzeko.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude