HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 9
Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien ikasleei: «Zeruetako erreinuarekin, beren kriseiluak eskuetan hartu eta senargaiari bidera irten zitzaizkion hamar neskatxekin bezala gertatzen da. Neskatxetako bost zentzugabeak ziren eta bost zentzudunak. Kriseiluak hartzean, zentzugabeek ez zuten oliorik hartu; zentzudunek, ordea, kriseiluekin batera olioa ere hartu zuten ontzietan. Senargaiak luzatzen zuenez, logaletu egin ziren denak eta loak hartu zituen. Gauerdian oihu bat entzun zen: “Badator senargaia; irten zakizkiote bidera!”. Jaiki ziren neskatxa guztiak, eta beren kriseiluak prestatu zituzten. Orduan, zentzugabeek esan zieten zentzudunei: “Emaguzue olio-pixka bat, kriseiluak itzaltzen ari zaizkigu eta”. Zentzudunek erantzun zieten: “Ea ez dugun nahikoa geuretzat eta zuentzat; hobe duzue, badaezpada, dendara joan eta erosi”. Baina, erostera joanak zirelarik, senargaia iritsi zen, eta prest zirenak ezteietara sartu ziren harekin. Eta atea itxi zuten. Iritsi ziren, azkenik, beste neskatxak ere eta dei egin zuten: “Jauna, Jauna, ireki!”. Baina hark erantzun zien: “Benetan diotsuet, ez dakit nor zareten”. Egon, beraz, erne, ez baitakizue, ez eguna, ez ordua».
Mateo 25, 1-13.
Zenbat aldiz eskatu diogu norbaiti zentzuz jokatzeko; zenbat aldiz, jokabide bat ikusi ondoren zentzua galdu ote duen pentsatu dugu. Gaurko ebanjelioko pasartean ikusten ditugu neskatxa zentzudunak eta zentzugabeak senargaiaren zain. Ez dakite noiz iritsiko den senargaia, eta batzuk prestatuta dauden bitartean, besteak berriz ez…
Egia esan, zeruetako erreinuari buruz ezer gutxi dakigu, baino prest egoteko deia behin eta berriro jasotzen dugu.
Baina zaila egiten zaigu itxarotea, eta horregatik geure buruak distraitu egin behar ditugu. Noski, distrazioak direla eta ez dugu beharrezkoa dena prestatzen; denbora izango dugulakoan, egitekoak gerorako uzten ditugu. Zenbat aldiz jokatu dugu neskatxa zentzugabeak bezala, zenbat aldiz harrapatu gaituzte distraituta edo lotan, egin behar genituen prestaerak oraindik egin gabe ditugula… eta horretan Jainkoak gure bideetara ateratzen jarraitzen du.
Jabetzen al gara Jauna noiz pasatzen den gure ondotik? Prestatu al gara Jauna datorrenean bere atzetik joateko? Ez itxaron azken egunera arte, adi bagaude ikusiko dugu eta gure inguruan, gure eguneroko bizitzan, gurekin bat egin nahi duelarik. Hori bai, guri dagokigu prest egotea eta erantzutea, guri dagokigu askatasunez eta zentzuz jokatzea.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments