HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 8

Aldi hartan, Jesusek, Filiporen Zesareara iritsi zenean, galdera hau egin zien ikasleei: «Gizonaren Semea nor dela dio jendeak?». Haiek erantzun: «Batzuek Joan Bataiatzailea dela; beste batzuek Elias; besteek Jeremias edo profetaren bat». Jesusek, orduan: «Eta zuek, nor naizela diozue?». Simon Pedrok erantzun zuen: «Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea». Orduan, Jesusek esan zion: «Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez baitizu hezur-mamizko inork agertu, zeruko nire Aitak baizik. Eta hau diotsut Nik: Zu Pedro zara –harkaitza–; harkaitz horren gainean eraikiko dut Nik neure Eliza, eta Herioaren indarrak ez zaizkio nagusituko. Zeruetako erreinuko giltzak emango dizkizut: zuk mundu honetan lotua, zeruan ere lotua geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua, zeruan ere askatua».

Orduan, bera Mesias zela inori ez esateko agindu zien Jesusek ikasleei. Une hartatik hasi zen Jesus ikasleei azaltzen beharrezko zela bera Jerusalemera igotzea, eta han asko sufritu beharra zuela apaizburuen eta lege-maisuen aldetik; hil egingo zutela eta hiru egunen buruan piztuko zela. Orduan, Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi zitzaion: «Inola ere ez, Jauna! Ez zaizu horrelakorik gertatuko!». Baina Jesusek, itzulirik, esan zion Pedrori: «Alde nire ondotik, Satanas! Oztopo zara niretzat, zure asmoak ez baitira Jainkoarenak, gizakiarenak baizik».

Mateo 16, 13-23.

“Gizonaren Semea nor dela dio jendeak?

Jesus bera nor den ezagutzea ez da erraza, baina lehenengo pausoa Jesusen lekuko bati entzutea da. Testiguak ez du dakienaz edo entzun duenaz hitz egingo; lekukoak bere esperientziari helduko dio, eta Jesusengan deskubritu duena azalduko du. Amaieran, Jesus nor den beretzat munduari zabalduko dio; hau da testiguaren izana, gertatutakoa, bizi duena, mundura zabaltzea.

Gogoan duzu nor izan zen zuretzat testigu? Zerk bultzatu zintuen sinestera?

Irakurgai polita gaurkoa sinesmenaren lehenengo pausoak gogoratzeko, eta testiguak oroituz, bere alde eskatzeko.

“Nor naizela diozue?”

Orain gutako bakoitzari erantzutea tokatzen zaigu, gure esperientzia nolakoa den hausnartu eta besteentzat testigu izatera deituak gaude. Jesusen lekuko, bere nekaldiaren testigu, eta nola, nekaldiaren ondoren Bizia den Jaungoikoa deskubritu dugun. Guzti hau ezin dugu bakarrik egin; Jainkoak erakusten duen zerbait da, bere ametsa, gu berarekin bat egitea delako.

Ez dezagun Pedroren antzera jokatu, Jainkoa gure bideetara ekarriz; atera gaitezen Jainkoaren bidera eta izan gaitezen besteentzat askatzaile, sufrimenduak ez du eta azkenengo hitza.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude