HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 7

Aldi hartan, Tiroko eta Sidongo lurraldera aldendu zen Jesus. Hartan, inguru haietan bizi zen emakume kanaandar bat deiadarka hasi zitzaion: «Jauna, Daviden Semea, erruki zakizkit! Oinaze gorritan dauka deabruak nire alaba». Baina Jesusek ez zion hitzik erantzun. Ikasleak, hurbildurik, erreguka ari zitzaizkion: «Egiozu kasu, eta doala, deiadarka baitatorkigu atzetik». Jesusek, ordea: «Israel herriko ardi galduengana bakarrik bidali nau Jainkoak». Baina emakumea, hurbildurik, ahuspez jarri zitzaion, esanez: «Lagun iezadazu, Jauna!». Jesusek, orduan: «Ez dago ondo seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea». Emakumeak erantzun zion: «Bai, Jauna, halaxe da; baina txakurrek ere jan ohi dituzte nagusien mahaitik erortzen diren ogi-apurrak». Orduan, Jesusek esan zion: «Emakumea, handia da zure fedea! Gerta bekizu nahi duzun hori». Eta une hartatik sendatua gelditu zitzaion alaba.

Mateo 15, 21-28.

“Erruki zakizkit” dio deiadarka emakume kanaandarrak eta ez du erantzunik jasotzen. Nola liteke Jesusek ez ezer esatea?Eta horretan guk aipatzen dugun aitzakia entzuten dugu Jesusen ahotan: ez da gutako bat. Zaila egiten zait Jesusen jarrera hau ulertzea, gehiago oraindik ikasleak emakumeari kasu egiteko eskatzen diotenean, nahiz eta arrazoiak oso zintzoak ez izan (isilarazi besterik ez zuten nahi).

Egia da munduko “mugak” apurtzea ez dela Jesusen kontua bakarrik, bere ikasleei eta guri dagokigun eginkizun bihurtzen da; hau da gaurko irakaspena.

Ez da gutakoa; hau da, “Bestea” mugaz beste aldean dagoena da, eta gaur besteak dioena ere aintzakotzat hartzekoa dela erakusten digu ebanjelio pasarte honek. Ezin ditugu mugak ezarri bestea eta gure artean; lagun-hurkoa bizitzan aurkitzen ditugun gizon-emakume guztiaz osatua dago. Hor denetik dago, noski, eta Jaunaren gonbidapena guztiok maitatzera bultzatzen gaitu.

Atzo esaten nuen Jesusen jarraitzaile izateak ez duela zer ikusirik bide errazarekin, eta gaurkoan bide honen zailtasunarekin topatzen gara. Kontua ez da nor den gustuko edo ez, nor lagun edo etsai… guztiak maitatzea baizik.

Deiadarka bagabiltza, jakin dezagun guk ere gure deiadarren zergatia azaltzen, emakume kanaandarrak egiten duen bezala; garrasiak entzuten baditugu berriz, gogoratu gaurko deiadarra: “erruki zakizkit” eta ireki begiak, belarriak eta bihotzeko ateak.

Ez dezagun ahaztu gure egitekoa mugak suntsitzea dela.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude