HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 6

Aldi hartan, hartu zituen Jesusek berekin Pedro, Santiago eta Joan, eta mendi garai batera eraman zituen haiek bakarrik. Eta antzaldatu egin zen haien aurrean. Jantziak distiratsu bihurtu zitzaizkion, zuri-zuri, munduan inork jar ditzakeen baino zuriago. Eta Elias eta Moises agertu zitzaizkien, Jesusekin hizketan. Pedrok esan zion Jesusi: «Maisu, bai ederki gaudela hemen! Egin ditzagun hiru txabola: bata Zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat». Ez zekien zer esaten zuen; izan ere, zeharo beldurrak harturik zeuden. Orduan, hodei batek estali zituen, eta ahots bat atera zen hodeitik: «Hauxe da nire Seme maitea. Entzuiozue». Eta hartan, ingurura begiratu eta Jesus bakarrik ikusi zuten eurekin, beste inor ez. Menditik behera jaisterakoan, ikusi zutenaren berri inori ez emateko agindu zien Jesusek, harik eta Gizonaren Semea hilen artetik piztu arte. Agindu hori bete zuten, baina elkarri galdetzen zioten zer izan ote zitekeen «hilen artetik pizte» hori.

Markos 9, 2-10.

Pedro, Santiago eta Joan Jesusekin doaz… ez da bide erraza, mendi garai batera eraman zituela dio Markosek; inoiz pentsatu baduzu Jesusen jarraitzaile izatea bide erraza jarraitzea dela, nahastuta zaudela esan behar.

Baina hara hor sorpresa, nekea dakarren bideak zoriontasunera eraman ditu, eta barrutik ateratzen zaie hitza: “Maisu, bai ederki gaudela hemen”. Jainkoarekin topo egitearen esperientziak nekeak uxatzen ditu, eta barneko pozak hartzen du protagonismo osoa… zer esan ez dakitela… zer sentitu ez dakitela… “beldurrak harturik zeuden”. Nola ulertu hain kontrajarriak diruditen emozioak, poztasun horren barnetasuna.

Eta horretan hiru txabola egiteko asmoa azaltzen dute, baina Jesusek ez du txabolen  beharrik. Txabolak egitea gizon-emakumeen tentazioa da; zenbat txabola egin ditugu bizitzan zehar ondo sentitu ahal izateko. Baina txabola horiek ez gaituzte asetzen; honek galdera egitera narama, zer dago zure txabola horretan? Zoriontsu izatera iristen zara?

Jesus da Jainkoaren Semea, eta horrek asetzen ditu Pedro, Santiago eta Joan; asetzen al zaitu berri horrek zu ere? Asetzea ez du esan nahi bertan geratu behar dugunik; mendian aurkitu gara Semearekin; orain guri dagokigu behera jaitsi eta Semea aurkitzea, Jesusen irakaspenak jarraituz, bere bideak urratuz, berak hain maite izan zituen lagun-hurkoekin bat eginez.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Gure opor eredua ere a ze “txabola”, portzierto…

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude