HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 5

Aldi hartan, Joan Bataiatzailearen heriotzaren berri jakitean, Jesus leku bakarti batera joan zen bera bakarrik txalupaz. Baina ohartu zen jendea eta oinez jarraitu zion herrietatik. Txalupatik ateratzean, Jesusek jendetza handia ikusi zuen; erruki izan zituen eta gaixoak sendatu zizkien. Ilunabarrean, ikasleek hurbildu eta esan zioten: «Leku bakartia da hau eta orduak aurrera doaz. Bidal ezazu jendea, auzoetara joan eta jatekoa eros dezan». Jesusek esan zien: «Ez dute zertan joan; emaiezue zeuok jaten». Haiek, orduan: «Ez dugu hemen bost ogi eta bi arrain besterik». Eta Jesusek: «Ekarri hona». Jendeari belar gainean esertzeko agindu ondoren, hartu zituen bost ogiak eta bi arrainak, eta, begiak zerurantz jasorik, bedeinkapen-otoitza egin, ogiak zatitu eta ikasleei eman zizkien, eta ikasleek jendeari. Asetzeraino jan zuten guztiek, eta gelditutako hondarrez hamabi saski bete bildu zuten. Bost mila gizon inguru ziren jan zutenak, emakumeak eta haurrak aparte.

Mateo 14, 13-21.

Bideak prestatzera etorri zen Joan Bataiatzailearen heriotzak Jesusengan eragin berezia du. Bataioa bere eskutik jaso zuen Jesusek, eta oraingoan, bakardadera mugitzen du; txalupa hartu eta badoa… sentimenduak pilatuko zitzaizkion bere barruan eta horrelakoetan bakardadean Jainko Aitarekin bat egin nahi izaten zuen, otoitzean. Hemen testuaren lehenengo gonbidapena: egin otoitz, bakardadean, eta bizi duzuna, sentimenduak barne, eskaini Jainkoari.

Horretan, “Jesusek jendetza handia ikusi zuen; erruki izan zituen eta gaixoak sendatu zizkien”; Jainkoaren begirada errukiz betetako begirada da. Jendeak ez dio ezer eskatzen, protagonista “pasiboak” dira, baina aldi berean jarraitu egiten diote. Zerbaiten bila doaz… itxaropena, askatasuna, osasuna… zerk ematen zien Jesusek atzetik jarraitu ziezaioten? Guri ere otoitzak bizi garen munduari begiratzera derrigortzen gaitu; Jainkoaren Erreinuaren parte izan nahi badugu, mundura zabaldu behar dugu gure begirada, Jainkoak otoitzean ematen digun begirada berria eta bereziarekin. Bigarren gonbidapenak guk dugun begirada aztertzera bultzatzen gaitu, nolakoa da nire begirada, munduari eta lagun-hurkoari zuzentzen diodan nire begirada?

Hitza eta ekintza, gure aitzakiak gainditu eta gure gosea asetuko duen Ogi Bizi bihurtu zaigu; “Ez dugu hemen bost ogi eta bi arrain besterik” diote ikasleek. Aztertu ditzagun gure aitzakiak, zeintzuk dira? Jainkoaren Hitza eta Ekintza  isilarazten dutenak al dira?

Jaso ditzagun bada gonbidapen desberdinak eta eska diezaiogun Jaunari gure begirada aldatu eta gure aitzakiak uxatuko dituen begiratzeko modua. Gogoratu aldi berean, zu, zergatik zoaz Jainkoaren atzetik? Zer da Jainkoaren begiradan aurkitzen duzuna?

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude