HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 4

Aldi hartan, Jesus eta ikasleak han ez zeudela ikustean, jendea txalupetara igo eta Kafarnaumera joan zen, Jesusen bila. Itsasoaz bestaldean aurkitu zutenean, esan zioten: «Maisu, noiz etorri zara hona?». Jesusek erantzun zien: «Egi-egiaz diotsuet: Nire bila zabiltzate, ez ezaugarriak ikusi dituzuelako, ogia asetzeraino jan duzuelako baizik. Ahalegindu zaitezte, ez galtzen den janariagatik, irauten duenagatik baizik, betiko bizia ematen duenagatik; hori Gizonaren Semeak emango dizue, bera egin baitu Jainko Aitak bere aginpidearen ordezkari». Orduan, galdetu zioten: «Zer egin behar dugu, Jainkoak nahi duena egiteko?». Jesusek erantzun zien: «Hau da Jainkoak nahi duena: berak bidali duenagan zuek sinestea». Galdetu zioten, orduan: «Zein ezaugarri egiten duzu, guk ikusi eta zugan sinesteko? Zer egiten duzu? Gure arbasoek mana jan zuten basamortuan, Liburu Santuak dioen bezala: “Zeruko ogia eman zien jaten”». Jesusek erantzun zien: «Egi-egiaz diotsuet: Ez zizuen Moisesek eman zeruko ogia; nire Aitak ematen dizue zeruko egiazko ogia; zeren Jainkoaren ogia zerutik jaitsi eta munduari bizia ematen diona baita». Orduan, haiek Jesusi: «Jauna, emaguzu beti ogi horretatik». Jesusek erantzun zien: «Ni naiz bizia ematen duen ogia; nigana datorrena ez da gose izango, eta nigan sinesten duena ez da behin ere egarri izango».

Joan 6, 24-35.

Jesusek gose zenari jaten ematen zion, baina ez zuen dena horretara mugatu nahi. Bizitza espiritualari garrantzi handiagoa ematen zion, bertan aurki baitezakegu benetako zoriona eta poza. Egia da: benetan gose denak zailki pentsatuko du gauza horietan, lehenik sabeleko hutsunea nola bete pentsatuko du, eta jarrera zilegia da. Hala ere, gizakia materiatik haratago joatera deitua dago eta, hortaz, ezin da behar materialak asetzera mugatu (baina funtsezkoenak ase egin behar ditu). Horretarako Jainkoarekin topo egite intimoa beharrezkoa da, Jesus baita «bizia ematen duen ogia». Horrek gure aldetik esfortzu bat eskatzen du: otoitza zaintzen al dugu? Sakramentuetan behar bezala hartzen al dugu parte? Besteei zerbitzerakoan Jainkoaren presentzia bilatzen saiatzen al gara?

 

Jokin González de Chávarri

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Zure Bakea eta Jakinduria dira niretzako ogia.

    Jesus, eskerrik asko

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude