HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 3

Aldi hartan, Jesusen berri jakin zuen Herodes Galileako gobernariak, eta esan zien bere zerbitzariei: «Joan Bataiatzailea da! Hildakoen artetik piztu da, eta horregatik du mirariak egiteko ahalmen hori». Izan ere, Herodesek Joan harrapatu eta, loturik, kartzelan sartua zuen, Herodias zela eta. Herodesen anaia Filiporen emaztea zen Herodias. Joanek esan ohi zion Herodesi: «Ez duzu zilegi emazte hori edukitzea». Herodesek hil egin nahi zuen, baina jendearen beldur zen, profetatzat baitzuten denek. Herodesen urtebetetzean, Herodiasen alabak dantzan egin zuen guztien aurrean eta atsegin izan zitzaion Herodesi. Hargatik, eskatutako guztia emango ziola agindu zion neskatxari, zin eginez. Neskatxak, bere amaren aholkuari jarraituz, esan zion Herodesi: «Emadazu oraintxe bertan Joan Bataiatzailearen burua azpilean». Goibel jarri zen erregea; baina mahaikideen aurrean egindako zinagatik, eskatua emateko agindu zuen, eta Joani lepoa moztu zioten kartzelan. Azpilean burua ekarri eta neskatxari eman zioten, eta neskatxak amari. Joanen ikasleek haren gorpua jasotzera etorri eta lur eman zioten; gero, Jesusi berri ematera joan ziren.

Mateo 14, 1-12.

Bizitzan zehar «profetekin» topo egin dezakegu. Ez dira Juan Bataiatzailea bezain deigarriak izango, baina profetak dira azken finean: Jainkoa haien bidez gure bizitzan aldatu beharko genukeena komunikatzen saiatzen da. Ez dira beti profetak, bizitzako une batean funtzio hori betetzen dute. Agian gure senide bat izan daiteke, edota lagun bat, batzuetan baita ezezagun bat ere. Gure hazkuntzarako eta Jainkoarengana hurbiltzeko aukera paregabea izan daiteke, baina gure esku dago erabakia. Profetaren aurrean bi jarrera har ditzakegu: hobetzen saiatuko naiz edo mezulariari «burua moztuko diot». Egon adi: mezulariarekin haserretzeak ez du hobetu beharreko hori desagerraraziko.

 

Jokin González de Chávarri

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude