HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 29

Aldi hartan, judu asko etorri zen Marta eta Mariagana, anaiarengatik doluminak ematera. Marta, Jesus zetorrela entzun orduko, bidera atera zitzaion; Maria, berriz, etxean gelditu zen. Martak esan zion Jesusi: «Jauna, hemen izan bazina, gure anaia ez zen hilko. Hala ere, badakit eskatuko diozun guztia emango dizula Jainkoak». Jesusek erantzun zion: «Piztuko da zure anaia». Eta Martak: «Badakit piztuko dela azken egunean, hildakoen piztuerakoan». Jesusek esan zion orduan: «Ni naiz piztuera eta bizia; Nigan sinesten duena, hilik ere, biziko da, eta bizi dena, Nigan sinesten badu, ez da betiko hilko. Sinesten al duzu hori?». Martak erantzun zion: «Bai, Jauna, sinesten dut Zu Mesias zarela, Jainkoaren Semea, mundura etortzekoa zena»

Joan 11, 19-27.

Gaitza, goiz edo berandu, guztion bizitzatik pasatzen da, eta fededunok Jaunarengana jotzen dugu, jasandako mina ez eragotzi izana leporatuz edo laguntza eskatuz. Martaren lehen hitzetan bi jarrerak aurki ditzakegu. Hasieran bertan ez izana aurpegiratu zion Jesusi. Maisua presente izan balitz ez zukeen tristura eta min guzti horretatik pasatu beharko. Beste aldetik, Jesusek arazoa nola edo hala konpon zezakeela uste zuen, eta laguntza eskatzeko keinua egin zion. Jesusek gauza oso garrantzitsu bat erakutsi zion: Jainkoaren Semea heriotza eta bizitzatik haratago dago; sinetsi, eta besteaz Bera arduratuko da. Zergatik ez zen bertan egon? Ez zion azaldu, baina fedea izateko eskatu zion eta itxaropena eman.

Jokin González de Chávarri

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude