HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 21

Aldi hartan, apostoluek, berriro Jesusengana bildu zirenean, egin eta irakatsi zuten guztiaren berri eman zioten. Jesusek esan zien: «Zatozte zuek bakarrik leku bakarti batera, eta hartu atseden pixka bat». Asko baitziren joan-etorrian zebiltzanak, eta ez zuten jateko ere astirik. Orduan, bazter batera joan ziren beraiek bakarrik, txalupaz. Baina jende askok ikusi zituen alde egiten, eta nora zihoazen igarri ere bai, eta herri guztietatik leku hartara jo zuten lasterka, oinez, haiei aurrea hartuz. Txalupatik ateratzean, Jesusek jendetza handia ikusi zuen. Errukitu zitzaien, artzain gabeko ardiak bezala baitzebiltzan, eta luzaro irakasten hasi zitzaien.

Markos 6, 30-34

Harrigarri apostoluek hainbeste emaitza lortzea eta guk, ordea, asko erein ondoren zein gutxi biltzea. Gure eskasia horren azalpen edo arrazoi argiak zenbaitetan zalantzaz beterik baino ez ditugu bizi.

Bada, gure antzeko egoera ikusiko zuen Jesusek jende multzoei begiratzen zienean: nahiko galduta zebiltzala. Horrek ez zion animoa beheratzen. Urritasunak ez zuen zamatuta edo zer egin jakin gabe uzten. Zerbait egin zezakeela barrutik irtengo zitzaion. Arrakasta edo eragin zuzena bilatu ordez, zerbait ona eskaintzeko borondate onaz gidatzen zen. Emaitzak zelakoak izango ziren jakin gabe.

Jendearengan batez ere landu nahi zuena “espiritu-jarrera zabala” zen. Horrela aritu dira kristautasunaren historian aitzindaritzat hartuak ditugunak. “Eman ta zabal ezazu” ez da askotan batera lortzen. Bai, baditugu bi esku, bi hanka eta bi begi. Baina bihotza, bat. Beste horiek lortzen ez dutenaren txanda bihotzak hartu beharko du. Eta bihotzari ala espirituari hobe pazientzia ematen bazaio.

Zaila bada ere, guri eman zaigu gaur egun jendeari zerbait baliozkoa eskaintzeko erronka.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude