HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 20

Aldi hartan, fariseuek, sinagogatik atera zirenean, elkar hartu zuten Jesusen kontra, hura nola galduko. Jakin zuen hori Jesusek eta alde egin zuen handik. Jende askok jarraitu zion, eta Jesusek denak sendatu zituen, eta agindu zien ez zezatela ezagutzera eman. Horrela, Jainkoak Isaias profetaren bidez esana bete zen: «Hona hemen nire zerbitzaria, Nik aukeratua, nire maitea, atsegin dudana. Honengan ipiniko dut neure espiritua; zuzenbidea iragarriko die herriei. Ez du haserrerik sortuko, ez oihurik egingo, ez da kaleetan haren mintzoa entzungo. Kanabera pitzatua ez du hautsiko, doi-doi piztua dagoen argi-metxa ez du itzaliko, zuzenbidea nagusiarazi arte. Hura izango dute itxaropen nazioek».

Mateo 12, 14-21

Liskarra datorrela sumatzean Jesusek, tarte batez, beste aldera egiten du. Han geratu izan balitz giroak txarrera jo izango zukeen, bere ausardiak zenbaitengan zorabio apur bat sortzen ari zelako. Bazuen ausardia, bai, zerbait aurka zetorkionean ez oldartzen, ez kexatzen, baizik beste nonbaitera joaten. Ez baitzuen inorekin tirabiran sartu nahi, ezta tenisean bezalako jaso/jo errepliketan tematu ere.

Gu ere lehen pausoa emateko gauza gara elkarri harrera ona emanez, Jesusek hartzen gaituen bezala. Harrera onak sortzeko gaitasuna landu genezake, pertsonak beren osoan hartuz. Ez gehienbat gauza handiak eginez, baizik txinparta-distira txikiz argi xumeak pizten.

Gertagarri da edonork erraz desegin ditzakeela batean eta bestean gauzatzen dituzun txinpartak. Baina apalki pizgarri aritzeak merezi du. Lortuko dena baino garrantzitsuago izango baita ereinda uzten duzun izpiritu gizatiarra. Izpiritu horren “morroi zerbitzari” izan zaitezke, ez soilik zure ahalmenagatik baita Jainkoak zure bitartez eragingo duenagatik ere. Lorpen batzuetan bitartekari eta bideratzaile izan zaitezke, eta horrek saiatzeari balioa ematen dio.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude