HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 15
Aldi hartan, Jesusek esan zien apostoluei: «Ez uste izan munduari bakea ekartzera etorria naizenik; bakea ez, baizik banaketa ekartzera etorria naiz. Bai, semea aitagandik banatzera etorri naiz, alaba amagandik eta erraina amaginarrebagandik banatzera. Eta nork bere etxekoak izango ditu etsai. Aita nahiz ama Ni baino maiteago duena ez da niretzat gai; semea nahiz alaba Ni baino maiteago duena ez da niretzat gai. Bere gurutzea hartu eta jarraitzen ez didana ez da niretzat gai. Bere biziaren jabe izan nahian dabilenak galdu egingo du; bere bizia nigatik galtzen duenak, ordea, eskuratu egingo du. Zuek onartzen zaituztenak Ni onartzen nau, eta Ni onartzen nauenak bidali nauena onartzen du. Profeta bat, profeta delako, onartzen duenak profetari zor zaion saria izango du, eta pertsona zuzen bat, zuzena delako, onartzen duenak pertsona zuzenari zor zaion saria izango du; eta txiki hauetako bati, nire ikasle delako, baso bat ur fresko besterik ez bada ere ematen diona, benetan diotsuet ez dela saririk gabe geldituko». Hamabi ikasleei argibide hauek ematen amaitu zuenean, joan egin zen Jesus handik, herri haietan irakastera eta mezua hots egitera.
Mateo 10, 34 – 11, 1.
Zelako ate-ondoa zabaltzen zaigu Jesusen bide argi eta zuzenetik abiatu ezkero? Gaurko testuak hasieratik oharra dakar: bakera iritsi aurretik zailtasunak, oztopoak eta korapilo latzak izango ditugula.
Judutarrek beren itxaropen luzean uste zuten Mesiasen etorrerak bakealdia eta justiziazko egoera egonkortua ekarriko zituela. Horregatik zen “Bakearen Printzea” izendatua. Guk ere nahiko genuke Bera “gure Bake” izatea. Norbere barnekoa zein gizartearena. Nola liteke, ba, Jesusek iragartzea bakebideak eraikitzera jarri ezkero tirabirak nagusituko direla?
Ezegonkortasunen artean lortzekoa izango da, igerian bezala. Bai kanpoko zein barne prozesuetan. Ez da soilik indarkeria bakea baino ikusgarriago egiten dela. Baita zaila suertatzen dela hasitako prozesuei jartzen zaizkien talkak konpontzen jarraitzea. Merezi ote du saiatzea, altxatzen diren tentsioekin? Horretara bultzatu nahi gaitu Ebanjelioak: ez eman amore, ekin korapiloak askatzeari, egia galdutzat eman gabe.
Kristautasunaren historian ere maiz gertatua: bide-aurrelariak hartu izan dituztenek zenbat zailtasun pairatu edo gainditu behar izan zituzten. Ez ziren ezta santuak ere libratu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments