HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 13
Aldi hartan, Jesusek esan zien apostoluei: «Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago, ezta morroia ere nagusia baino gehiago. Nahikoa du ikasleak irakaslea adinako izatea, eta morroiak nagusia adinako. Etxeko jaunari Beeltzebul deitu badiote, zer ez ote diete deituko haren etxekoei? Ez izan jendearen beldur! Izan ere, ez dago ezer gordea agertuko ez denik, ezta ezer ezkutuan ere jakingo ez denik. Gaueko ilunpean esaten dizuedana esan zuek egun-argitan, eta belarrira entzuten duzuena hots egin etxe-gainetatik. Ez izan beldurrik gorputza hil bai, baina bizia kendu ezin dutenei; izan beldur, gorputza ez ezik, pertsona osoa ere infernuan gal dezakeenari. Ez al dira bi txori txanpon batean saltzen? Hala ere, ez da bat bakarra ere lurrera erortzen zuen Aitaren baimenik gabe. Zuen buruko ileak ere zenbatuak ditu Jainkoak. Ez, bada, beldur izan; txori guztiek baino gehiago balio duzue zuek. Jendearen aurrean aitortzen nauena aitortuko dut Nik ere zeruko neure Aitaren aurrean; baina jendearen aurrean ukatzen nauena ukatu egingo dut Nik ere zeruko neure Aitaren aurrean».
Mateo 10, 24-33.
Mateoren ebanjelioko pasarte honek lehen komunitate haiek jasaten zutenaren berri ematen digu; eta bide batez guri ere zer gerta dakigukeen adierazten digu. Jesus hil egin zuten; baina hori baino lehen, izen ona kentzen saiatu ziren gezurrez eta azpijokoz. Eta pasarte honek dioskunez, gure ere gauza bera gertatu ahal zaigu; areago, normalena gauza bera gertatzea izango litzateke, ikaslea ez baita irakaslea baino gehiago, ezta morroia jabea baino gehiago ere. Egia esan, hori horrela izango bada, ez da oso etorkizun ederra.
Jesusek, berriz, berak egin zuena —berak gaur gure egoeran egingo lukeena— egitera animatzen gaitu, intimitatearen bakardadean iradokitzen diguna jende aurrean ozen oihukatzera, alegia. Gertatzen direnak gertatzen direla, mereziko duela esaten digu…
Egin dezagun otoitz eta eska dezagun argia, zer egin jakiteko, eta indarra ere bai, egin ahal izateko. Ez ahal zaitugu ukatuko, Jauna!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments