HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 12
Aldi hartan, Jesusek esan zien apostoluei: «Hara, ardiak otso artera bezala bidaltzen zaituztet. Izan zaitezte, bada, sugeak bezain zuhur eta usoak bezain xalo. Kontuz jendearekin! Auzitegietara eramango zaituztete eta sinagogetan zigorkatuko; agintarien eta erregeen aurrera eramango zaituztete nigatik, aitormen egin dezazuen haien eta jentilen aurrean. Eramaten zaituztetenean, ez egon zer eta nola esango duzuen kezkatan: une hartan bertan adieraziko dizue Jainkoak zer esan; ez zarete zuek mintzatuko, zuen Aitaren Espiritua mintzatuko da zuen bidez. Anaiak anaia emango du heriotzara, eta aitak semea; seme-alabak gurasoen aurka altxatuko dira eta hil egingo dituzte. Mundu guztiak gorroto izango dizue nigatik; baina azkeneraino irauten duena, horixe izango da salbatua. Herri batean pertsegitzen bazaituztete, egin ihes beste batera. Benetan diotsuet: Gizonaren Semea etorri aurretik, ez dituzue Israelgo herri guztiak igaroko».
Mateo 10, 16-23.
Mateok ebanjelioaren pasarte honetan Jesusen ahoan ipintzen dituen hitzek Jesus hil ondoren gertatu zena deskribatzen dute: alde batetik Jesusen jarraitzaileek jazarpen izugarria jasan behar izan zuten; eta beste alde batetik Jesusen mezuak ordura arteko erlijio ohiturekiko haustura eta, ondorioz, kristauen eta gainerakoen arteko banaketa bortitza. Badakigunez, Jesusi berari ere esandakoak eta egindakoak ez zitzaizkion dohainik gertatu.
Gaur ere, Jesusek bezala gizarteko azkenak hautatzeak eta haien alde jartzeak arazoak ekarriko dizkigu, sakratutzat jotzen ditugun gauzen izenean, hain zuzen ere (herritarren ongizatea, segurtasuna, mendebalde aberatseko gainerako herrien “adiskidetasuna”). Eta gainera, sisteman agintzen dutenentzat bakarrik ez, gure hurbilekoentzat deserosoak izango gara eguneroko gauzetan eta, beraz, haiekin ere arazoak izango ditugu.
Jesusek borroka horretan irauteko gonbita egiten digu: “Jainkoaren Espiritua zuekin izango da; eta luze gabe denak izango du bere zentzua”. Ausartuko gara, egoera bakoitzean Jesusek egingo lukeela uste duguna egitera? Ausartuko gara Aitaren Espirituari gure bidez mintzatzen uztera?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments