HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 11

Aldi hartan, Pedrok esan zion Jesusi: «Hara, guk dena utzi dugu, zuri jarraitzeko. Zer izango da guretzat?». Jesusek erantzun zien: «Benetan diotsuet: Jainkoak mundu hau eraberritzean eta Gizonaren Semea bere aintzazko tronuan esertzean, zuek ere, nire jarraitzaileok, hamabi tronutan eseriko zarete, Israelgo hamabi leinuak epaitzeko. Eta nigatik etxea, senideak, aita, ama, seme-alabak edota lurrak uzten dituenak, ehun halako hartuko du eta betiko bizia jasoko ondare».

Mateo 19, 27-29.

Jesusek ebanjelioetan modu askotara mezu berbera ematen du. Pasarte honetan, hain zuzen ere, ekarri zuen mezuaren laburpen moduko bat egiten da: Lehendabizi, Jainkoak bidegabekeriaz betetako historia hau eten egingo duela eta gauzak euren lekuan jarriko dituela diosku. Eten hori, gainera, guztizkoa izango da eta bertan irizpide nagusia Jesus izango da, hark egiten eta esaten zituen gauzak, harengan ikusten ditugun portaerak.

Gure buruari sarritan galdetzen diogu fedeak zertarako balio duen. Zer jasoko dugu, uzten dugun gauza bakoitzaren truke? Zer abantaila ematen digu fedeak? Erantzuna erraza da: bat ere ez. Jesusi jarraitzeagatik ez dugu abantailarik izango. Jesusek berak ez zuen abantailarik izan eta bere amaiera, itxuraz behintzat, porrota izan zen. Hala ere, jarraitzea proposatzen digu jarraitze horrek uzten duguna baino askoz sari handiagoa dakarrela hitz emanez, bizi betearen promesa eginez.

Animatuko al gara Jesus gure bizitzen gunetzat hartzera?

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude