HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 10
Aldi hartan, Jesusek, hamabi ikasleei dei eginik, ahalmena eman zien espiritu gaiztoak botatzeko eta gaitz eta eritasun guztiak sendatzeko. Hona hamabi apostoluen izenak: lehenbizi Simon, Pedro deritzana, eta honen anaia Andres; Santiago Zebedeorena eta honen anaia Joan; Felipe eta Bartolome, Tomas eta Mateo zergalaria, Santiago Alfeorena eta Tadeo, Simon Zelote eta Judas Iskariote, Jesus saldu zuena. Hamabi horiek bidali zituen Jesusek, ohar hauek eginez: «Ez joan jentilen lurraldeetara, ez sartu Samariako herrialdean ere, baizik eta zoazte Israel herriko ardi galduetara. Bidean zoaztela, hots egin hurbil dela zeruetako erreinua».
Mateo 10, 1-7.
Guztiok sentitu dugu inoiz, gainditzen gaituzten indarrak daudela eta indar horiek nahiko ez genituzkeen gauzak egitera bultzatzen gaituztela: hainbat gauzaren esklabo bizi gara, nonbait eta mugaturik gaude, indar horiek gutako bakoitza baino askoz handiagoak dira‑eta. Jesusen garaian aipatzen ziren espiritu gaiztoak horrelako zerbait ziren.
Beste alde batetik, orduan bezala gaur ere, jendeak ahulezia egoerak izaten ditu, gaixotasunak zein bestelako gaitzak; Jesusen garaian egoera horiek Jainkoaren zigorra zirela pentsatzen zuten. Eta gaitz horiek —espiritu gaiztoak, gaixotasunak etab.— jasaten zituzten pertsonak, bekatariak zirenez, ez ziren ondo ikusiak gizarte hartan, baztertuta bizi ziren, alegia.
Gaurko pasartean Jesusek jendea gaitz horietatik askatzeko gonbita egiten digu, zeini bere izenez deituta —Kepa, Josune, Ander, Karmele, Santi, Miren…—. Gure inguruan Jainkoaren erreinua hurbil dela hots egitera gonbidatzen gaitu, hau da, gauzak beste modu batera, Jainkoak nahi duen bezala, egin ditzakegula; eta horren seinalea askapen hori da. Zein kate zehatz hautsi ahal dugu gure inguruan?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments