HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 9

Aldi hartan, deabruaren menpe zegoen mutu bat ekarri zioten Jesusi. Honek deabrua bota zuen, eta mutua hizketan hasi zen. Jendeak, harriturik, zioen: «Ez da Israelen egundaino horrelakorik ikusi». Fariseuek, berriz, hau zioten: «Deabruen buruzagiaren indarrez botatzen ditu honek deabruak». Herriz herri eta auzorik auzo ibili ohi zen Jesus, hango sinagogetan irakasten, erreinuari buruzko Berri Ona hots egiten eta gaitz eta eritasun guztiak sendatzen. Jendetza ikustean, erruki izan zuen, nekatua eta lur joa baitzegoen jende hura, artzainik gabeko ardiak bezala. Orduan, ikasleei esan zien: «Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Erregutu, bada, uzta-jabeari, bidal ditzala langileak bere uztara».

Mateo 9, 32-38.

Ebanjelioetan agertzen diren deabruek kalte handia egiten zioten jendeari. Gaurko kasuan ez zioten hitz egiten uzten eta beste zenbaitetan beste gaitz batzuk eragin. Jesus, orduko jendea biltzen zen lekuetara joan, gauzak alda zitezkeela —areago, Jainkoak gauzak aldatzea nahi zuela— iragarri eta jendea gaitzetatik askatzen ibiltzen zen uneoro. Eta horren aurrean, erreakzio bi izaten zituen, hau da, miresmena batetik eta sisteman agintzen dutenen gaitzespena, bestetik.

Gaur ere nonahi aurkitu ahal ditugu, esklabotza ekartzen diguten halako indarrak. Eta Jesusek bere lan askatzailean aritzeko gonbita egiten digu: “Uzta ugaria da, baina langileak gutxi”. Eskerrak, Jauna, gaur egun gure inguruan lan horretan diharduten pertsonen testigantzagatik. Emaguzu argia, esklabotza horiek ikusteko eta indarra, indar horien kontra borroka egiteko.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude