HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 1

Aldi hartan, Jesus mintzatzen ari zela, buruzagietako bat etorri zitzaion eta, ahuspezturik, esan zion: «Hil berria dut alaba; baina zatoz hari eskua ezartzera, eta biziko da». Jesus jaiki eta ondoren joan zitzaion bere ikasleekin. Hontan, hamabi urte hartan odol-jarioz zegoen emakume bat atzetik hurbildu zitzaion Jesusi eta soineko-ertza ukitu zion, hau baitzioen bere baitan: «Jantzia bederen ukitzen badiot, sendatuko naiz». Itzuli zen Jesus eta, emakumea ikustean, esan zion: «Izan bihotz, alaba! Zeure sinesmenak sendatu zaitu». Eta ordu beretik sendatua gelditu zen. Iritsi zen Jesus buruzagiaren etxera eta, hango erostariak eta jendearen istilua ikustean, esan zien: «Alde hemendik! Neskatxa ez dago hila, lo dago». Haiek barre egin zioten. Jendea bidali zutenean, sartu zen Jesus eta eskutik heldu zion neskatxari, eta neskatxa jaiki egin zen. Inguru hartan guztian zabaldu zen gertatuaren berri.

Mateo 9, 18-26.

Gaurko pasarteko emakume eta neskatxaren kasuan bezala, gu ere lohi sentitzen gara sarritan, ezer ez garela, gureak erremediorik ez duela, alegia, hilda bageunde bezala. Gauden egoeratik irtetea ahalegin handiegia da guretzat. Eta egin nahi ez ditugun gauzak egiten ditugu, halabeharrez, egin nahiko genituzkeenak egin ezinik gabiltzala. Jesusek, berriz, gauza guztiek erremedioa daukatela esaten digu: lohitasuna, ezintasuna…

Gauza bi egin behar dira, hori bai. Lehendabizi egoeraren jakitun izan behar dugu; argi jakin behar dugu gure egoera zein den: “Hil berria dut alaba”, “hamabi urte hartan odol-jarioz zegoen emakume bat”. Eta bigarrenez, Jesusengana jo: “…atzetik hurbildu zitzaion Jesusi”, “zatoz eta biziko da”.

Sinesmena badugu, Jesusek egoera horretatik atera gaitzake. Ez da erraza izango, barre egingo digute… Baina sinesmena badugu, Jesusek eskutik helduko digu, edota konturatu gabe, soinekoaz ukitu, eta jaiki egingo gara. Izan dezagun bihotz, sinesmenak gure esklabutzetatik aska baikaitzake!

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Heriotza ulertgaitza da, pertsona gaztea eta maitatua galtzeak suntsitu egiten gaitu. Jesúsen Jakinduriak bizitza eta ingurunean duguna baloratzea laguntzen digu.

    Jesús, izan zaitez argia arima sendatzeko

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude