HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 6

Aldi hartan, Joan Bataiatzailearen ikasleak Jesusengana hurbildu eta esan zioten: «Zergatik guk eta fariseuek sarritan egiten dugu barau, eta zure ikasleek ez?». Jesusek erantzun zien: «Ezteietara deituak egon al daitezke triste senar berria berekin duten bitartean? Etorriko zaie senar berria kenduko dieten eguna; orduan, bai, egingo dute barau. Inork ez dio jantzi zaharrari oihal gordinezko adabakirik josten, jantzia behartu egingo bailuke adabakiak, eta zarratada handiagoa egingo. Ez da ardo berririk sartzen ere zahagi zaharretan; bestela, zahagiak lehertu egingo lirateke, eta ardoa isuri eta zahagiak hondatu. Ardo berria zahagi berrietan sartzen da, eta horrela biek irauten dute».

Mateo 9, 14-17.

Betiko arau bat, kultura gehienetan dagoena eta erromatar zuzenbideak “do ut des” bezala jaso zuena. Oinarrizko printzipioa da, gizatiarra, naturala, logikoa, agerikoa… Negoziatzea, irabazi ahal izateko amore ematea… Gaurkotasun handia duen araua da, baita Jesusen jarraitzaile garenontzat.

Gaur Jesusek bi gauza esaten dizkigu. Batetik, bera senargaia dela dio, Jainkoaren promesa dakarrena, behartsuenen aldeko apustua erdigunean jartzeko. Bigarrena, promesaren gauzatze hori ez dela posible legeen aldaketa hutsarekin, baizik eta benetazko konbertsio batekin. Horregatik ez du balio oihal berriko petatxoak konpondu beharreko oihala zaharra bada, ezta zahagi zaharra ardoa berria bada.

Jesusen jarraitzaileak erradikaltasun hau onartu beharra dauka. Jesusen jarraipen zintzoa eta gure posizio erosoak ez dira bateragarriak. Jesusen jarraipenak edozein arrazoirengatik duintasunik gabe dagoen edonoren aldeko apustu errotikoa eskatzen du, nahiz eta hau arrazoi sakratuengatik bada edo, hain zuzen ere, bereziki ustezko arrazoi sakratuengatik bada. Izan ere, zerbait sakratua baldin badago, gizabanako bakoitzaren duintasuna da, batez ere zapalduta daudenena.

 

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude