HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 4
Aldi hartan, Jesus txalupara igo, itsasoaz bestaldera igaro eta bere herrira etorri zen. Hortan, elbarri bat ekarri zioten, ohatilan etzana. Jesusek, lagun haien sinesmena ikusirik, esan zion elbarriari: «Izan bihotz, seme! Barkatuak dituzu bekatuak». Orduan, lege-maisu batzuek hau zioten beren baitan: «Biraoka ari duk hau». Baina Jesusek, haien burutapenei antzemanik, esan zien: «Zergatik dituzue burutapen gaizto horiek zeuen baitan? Zer da errazago, “barkatuak dituzu bekatuak” esatea ala “jaiki eta zabiltza” esatea? Orain ikusiko duzue, bada, Gizonaren Semeak baduela mundu honetan bekatuak barkatzeko ahalmena. Orduan, esan zion elbarriari: “Jaiki, hartu ohatila eta zoaz etxera!”». Hura jaiki eta etxera joan zen. Hau ikustean, izuturik gelditu zen jendea eta Jainkoa goresten zuten, gizakiei horrenbesteko ahalmena eman zielako.
Mateo 9, 1-8.
Gorputza gurtza nagusi den gizarte batean bizi gara eta hori idolatrikoa izatera ere iritsi daiteke. Igandeetan elizak hustu egin dira, baina gimnasioak lepo daude. Beharrezkoa eta ardura kontua ere bada, gure osasun fisikoa zaintzea baina azken urteek erakusten digute barne osasuna, arimarena, hausten denean gainerako guztia ere hautsi egiten dela.
Gaurko pasartean Jesus da eszenaren erdigunea, berak hartzen baitu, kamileroen fedea ikustean, elbarriaren bekatuak sendatzeko ekimena. Gaixotasuna ondoren sendatzen du eta lege-maisuen jarrera desafiatzaileari erantzuten dio. Baina testigantza nagusia Jesusek bekatuak barkatzen zituela da.
Elizak bekatuak barkatzeko misioa jaso du. Jesusen jarraitzaileok larrialdi bat ate joka daukagu, bakardadeak, zentzurik ezak, bazterketak eta esklusioak zauritutako hainbeste anai-arreba sendatu, osatu, arindu edo berrezartzea. Gaur ere Jesusengana daramaten kamilero izateko deituak gaude.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Gu ezintasuna baino gehiago gara. Ezintasunak (gaixotasuna, familia galtzea, lanik gabe geratzea) ezin gaitu gelditu, aurre egin behar diogu, Jesúsen irakaspen jakintsua da, baina Bere laguntza behar dugu