HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 3

Tomas, hamabietako bat, Bikia zeritzana, ez zegoen haiekin Jesus etorri zenean. Gainerako ikasleek esan zioten: «Jauna ikusi dugu». Tomasek erantzun zien: «Haren eskuetan iltze-zuloak ikusten ez baditut, neure atzamarra haren iltze-zuloetan eta neure eskua haren saihetsean sartzen ez baditut, ez dut sinetsiko». Handik zortzi egunera, etxean zeuden berriro ikasleak, eta Tomas ere haiekin zen. Sartu zen Jesus, ateak itxirik zeudela eta, erdian jarririk, esan zien: «Bakea zuei». Gero esan zion Tomasi: «Ekarri atzamarra, begira nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihetsean, eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik». Tomasek erantzun zion: «Ene Jauna eta ene Jainkoa!». Jesusek esan zion: «Ikusi nauzulako sinetsi al duzu? Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak».

Joan 20, 24-29.

Gaurko Ebanjelioak dakarkigun Jesus bere dizipuluei berpiztuta agertzearen eszena, oso ezaguna da Santo Tomasek erakusten duen mesfidantzagatik. Izan ere, kristautasunaren kulturan ongi ikasi genuen Santo Tomas errezeloaren eredu izan zela, eta, beraz, saihestu beharreko jarrerarena. Baina guk hildako bat ate itxiak zeharkatzen dabilela sinetsi ote genuke ba? San Tomas gu baino sinesgaitzagoa izango ote zen?

Pasartean, Jesus da Santo Tomasengana gerturatzeko iniziatiba hartzen duena eta, momentu horretan, Jesus aurrez-aurre daukanean, apostoluak antzematen du Jesus bera dela, berpiztua!

Jesusenganako, bere mirari eta berpizkundearekiko fedeak, agian ez du sinesmenekin hainbeste zerikusi handirik izango, baizik eta gaur egungo gurutziltzatuetan Haren bila zintzotasunez irtetearekin, aurrez aurre ikusi ahal izateko.

 

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude