Herodes-en jakin-mina

2024 Uzt 1

Ebanjelioko testuek Jesusi jarraitzeko motibazio bilduma joria jasotzen dute. Koadro erakusketa horretan, Herodesenak leku berezia du. Ebanjelioaren testua bera da Herodesen interesaren berri ematen diguna: “Jesus ezagutzeko egokiera bila zebilen” (Lk 9, 9).

“Jesus Christ Superstar” pelikulak modu iradokitzailean taxutzen du Herodesen irudia. Erregearen gortea ikuskizun bat da; lakuaren ertzean, leku exotikoa irudikatzen dugu, besteak beste, gorteko pertsonaiak oso modu bitxiz jantzita, luxua nonahi, muturreko portaera nabarmenak. Herodesek Jesusen espektakuluaren lekukoa izan nahi du; Jesusi eskatzen dio ekintza bitxiren bat egitea bere aurrean. Jesus, berriz, pelikulako eszena horretan guztiz pasiboa da, ez du ezer egiten, zirkinik ere ez. Herodesek Jesusekin topo egin nahi duenean, berrikerien bila baino ez dabil. Herodesen jakin-minak ezindu egiten du Jesus ezagutzea eta, are gehiago, Jesusi jarraitzea.

Behin baino gehiagotan iruditzen zait gure mendebaldeko kultura kontsumista hau Herodesen gortea bezalakoa dela, eta kultura honetan dagoen jakin-mina Herodesenetik oso hurbil dagoela. Oso iradokitzailea iruditzen zait Jesus nola dagoen Herodesen aurrean, zeren eta burura baitatorkit gure gizarte kontsumista honen mugetan hilzorian dauden hainbat bizitza.

Zaila du kultura honek Jesus ezagutzea.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude