HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Ekainak 24
Haurra izateko denbora bete zitzaionean, Elisabetek semea izan zuen. Jakin zuten auzokoek eta ahaideek zein erruki handia agertu zion Jaunak, eta zorionak ematen zizkioten. Jaio eta zortzigarren egunera, haurra erdaintzera eraman zuten, eta aitaren izena jarri nahi zioten, Zakarias. Amak, ordea, esan zuen: «Ez! Joan izango du izena». Esan zioten: «Ez duzue senitartean inor izen hori duenik». Orduan, aitari keinuka galdetu zioten zein izen eman nahi zion haurrari. Eta hark oholtxo bat eskatu eta idatzi zuen: «Joan du izena». Denak harriturik gelditu ziren. Bat-batean mihia askatu zitzaion Zakariasi, eta hitz egiten hasi zen eta Jainkoa goresten. Beldurrak hartu zituen auzoko guztiak, eta Judeako mendialde guztian zabaldu zen gertatuaren berri. Entzuten zuten guztiek beren baitarako esaten zuten: «Zer izango ote da ume hau?». Zeren Jainkoaren eskua harekin baitzegoen. Haurra gorputzez hazten ari zen, eta espirituz sendotzen; basamortuan bizi izan zen, Israel herriaren aurrean agertu zen eguna arte.
Lukas 1, 57-66. 80.
Elisabetek eta Zakariasek izan zuten esperientziatik asko ikas dezakegu. Fedea, itxaropena eta Jainkoaren grazia jasotzeko desioa barne-barnetik bizi izan zuten.
Joani buruz dio, Jainkoaren eskua berarekin zegoela. Baita gurekin ere, fedea dugun bakoitzarekin Bera hor dago. Funtsean, Joanen misio hau kristauok ere jaso dugu. Gure zeregin sendoetako bat guztiei Jesus nor den adieraztea da, gure hitz eta ekintzekin. Jesusek zer eskaintzen digun jakin dezaten eta bere maitasun mugagabea esperimentatu dezaten.
Nola bizi dut misio hori gaur egun?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments