HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Ekainak 22

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ezin da inor bi nagusiren morroi izan; izan ere, bata gorroto izango du eta bestea maiteko, edota bati leial izango zaio eta bestea ez du aintzat hartuko. Ezin zarete Jainkoaren eta diruaren morroi izan. Horregatik diotsuet: Ez kezkatu bizitzeko zer jango edota gorputza zerez jantziko. Ez ote da bizia janaria baino gehiago, eta gorputza jantzia baino gehiago? Begira zeruko hegaztiei: ez dute ereiten, ez uztarik biltzen, ez mandioan pilatzen; hala ere, zeruko zuen Aitak janaritzen ditu. Ez al duzue zuek haiek baino askoz gehiago balio? Asko kezkatuta ere, zuetako nork luza lezake apurtxo bat bizitza? Eta jantziaz, zergatik kezkatu? Begira nola hazten diren loreak zelaietan: ez dira lanean nekatzen, ez dute iruten; baina, egia esan, Salomon bera ere, bere ospe guztian, ez zen janzten horietako bat bezain apain.

Beraz, gaur belardian dagoen eta bihar suan erreko den belarra Jainkoak horrela janzten badu, zenbatez gehiago zuek, sinesmen txikikook? Ez kezkatu, bada, zer jango, zer edango, zer jantziko duzuen pentsatuz. Jentilak arduratu ohi dira horiez guztiez. Zeruko zuen Aitak badaki horien guztien beharra duzuela. Bilatu lehenbizi Jainkoaren erreinua eta beronen zuzentasuna, eta gainerako guztia gehigarri emango dizue Jainkoak. Ez kezkatu, bada, biharko egunaz, biharko egunak ere ekarriko baitu bere kezka. Aski ditu egun bakoitzak bere buruhausteak».

Mateo 6, 24-34.

Atzoko Jesusen mezuak gaurkoan beste pauso bat ematera garamatza. Atzo, norberaren baitara begiratzera gonbidatzen gintuen egiazko argitasuna, zentzua aurkitzeko; baina ezin gara hor gelditu. Gure baitan aurkitu, antzeman dugun on horrek, kanpoan, besteengan fruitu onak eman behar ditu. Jesusek hori ezinbestekotzat jotzen du. Eta hori, astintzen gaituen esaldi bikain honetan aurkitzen dugu gaur: “Bilatu lehenbizi Jainkoaren erreinua eta beronen zuzentasuna, eta gainerako guztia Jainkoak emango”. Jainkoaren erreinua eraikitzean, gakoa zuzentasunean datza. Alderdi ezberdinetatik gainera: giza eskubideak denentzat dira; kreazioari begiratuz, bere jakinduria antzematen da eta zaintzearen beharra, apaltasunaren beharra, gutxien espero dugunean heriotzaren arrastoak denentzat agertzen baitira… Zeintzuk dira nire eguneroko buruhausteak? Zein nagusiren morroi edo neskame naiz?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.