HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Ekainak 20
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Otoitz egitean, ez jardun esan eta esan, jentilak bezala, uste baitute beren hitz-jarioari esker entzungo diela Jainkoak. Ez izan haien antzeko, badaki-eta zuen Aitak zer behar duzuen, zuek eske hasi baino lehen. Beraz, zuek honela egingo duzue otoitz: “Gure Aita, zeruetan zarena: santu izan bedi zure izena, etor bedi zure erreinua, egin bedi zure nahia, zeruan bezala lurrean ere. Emaguzu gaur egun honetako ogia; barkatu gure zorrak, geuk ere geure zordunei barkatzen diegunez gero, ez gaitzazu utzi tentaldian erortzen, baina atera gaitzazu gaitzetik”. Izan ere, zuek besteei beren hutsegiteak barkatzen badizkiezue, zuei ere barkatuko dizue zeruko zeuen Aitak; baina besteei barkatzen ez badiezue, zuei ere ez dizkizue barkatuko Aitak zeuen hutsegiteak».
Mateo 6, 7-15.
Atzokoan baino praktika bat gehiago zehazten zaigu gaurkoan: otoitzarena, hain zuzen. Atzo otoitzean nola kokatu azaltzen bazitzaigun, gaur otoitz horren kalitatea zehazten zaigu: otoitza ez da hitz kopuruen kontua, hitzen edukiena baizik. Eta eduki horiek, nondik norakoak diren Jesusek berak erakusten digu gaur jartzen digun ereduan. Erronka, eduki horiek gure barne jarrera bihurtzean datza; horrela, gainera, Jainkoaren antzekoak izatera eramango gaitu egiazko Bizitza horren arrastoan ibiltzeak. Beraz, otoitz egitea Jesusen Jainkoaren Arnasa geureganatuz joatea da, egia bihurtzen lagun dezagun Jainkoak gizadiarentzat eta kreazioarentzat duen irrika: “Egin bedi zure nahia, zeruan bezala lurrean ere”. Nola bizi dut nik otoitza? Bere beharra sentitzen eta bizitzen dut?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments