HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Ekainak 19

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Begira, gero: ez egin zeuen egintza onak jendaurrean, ikus zaitzaten! Bestela, ez duzue zeruetan dagoen Aitaren saririk izango. Limosna ematean, beraz, ez ibili aurretik turuta jotzen, itxurazaleak sinagogetan eta kaleetan ibiltzen diren bezala, jendeak txalotu ditzan. Egia esan, horiek jaso dute beren saria. Zuk limosna ematean, ordea, ez beza jakin zure ezkerrak zer egiten duen eskuinak; horrela, zure limosna ezkutuan geldituko da; eta ezkutuan ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina.

Otoitz egitean, ez egin itxurazaleek bezala; horiek sinagogetan eta plaza-ertzetan zutik otoitz egitea maite baitute, jendeak ikus ditzan. Egia esan, horiek jaso dute beren saria. Zu, ordea, otoitz egitean, sar zaitez zeure gelan, itxi atea eta egiozu otoitz ezkutuan dagoen zeure Aitari; eta ezkutuan ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina.Barau egitean, ez agertu kopetilun, itxurazaleak bezala; aurpegia itsustu egiten baitute, barau egiten dutela jendeari agertzeko. Egia esan, horiek jaso dute beren saria. Zuk, ordea, barau egitean, gantzutu zeure burua usain gozoz eta garbitu aurpegia, jendeak ez, baino ezkutuan dagoen zure Aitak ikus dezan zure baraua; eta ezkutuan ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina».

Mateo 6, 1-6. 16-18.

Datozen lau egunetan ezezko aditzondoak indarra edukiko du. Jesusek erne eta esna nahi gaitu itxurakerian eror ez gaitezen; gure bizitza koherentziaren ildotik zuzendu dadin. Behintzat, bizitzan zerbait gehiagoren bila dabilenarentzat. Horretarako, gaurkoan egiaz jokatzen ez duten judutarren ohitura batzuk argitara ematen ditu: besteen aurrean limosna ematea; besteen aurrean zutik otoitz egitea; baraua egiten, kopetilun agertu antzeman dadin. Egintzak, bai, baina beste modu batera: limosna, ezkutuan; otoitza, norberaren gelan –bere baitan– sarturik; baraua egitean, garbitu aurpegia eta gantzutu burua. Apaltasun horretan, diskrezio horretan Jainko Aita-Amaren barne ordaina jasoko da. Bizitzan, nondik mugitzen naiz?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude