HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Ekainak 18

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Entzuna duzue antzinakoei agindua: “Maita ezazu zeure lagun hurkoa eta gorrota zeure etsaia”. Nik, ordea, hau diotsuet: Maita itzazue zeuen etsaiak eta egin otoitz eraso egiten dizuetenen alde, zeruetan dagoen zeuen Aitaren seme-alaba izan zaitezten, hark gaiztoentzat eta zintzoentzat ateratzen baitu eguzkia eta zuzenentzat eta zuzengabeentzat egiten euria. Izan ere, maite zaituztenak bakarrik maite badituzue, zer sari zor zaizue? Zergalariek ere ez al dute beste horrenbeste egiten? Eta zeuen senideak bakarrik agurtzen badituzue, zer egiten duzue berezirik? Jentilek ere ez al dute beste horrenbeste egiten? Izan zaitezte, beraz, guztiz onak, zeruko zuen Aita guztiz ona den bezala».

Mateo 5, 43-48.

Atzoko Ebanjelioaren arrastoa azpimarratzen da gaurkoan ere: “Entzuna duzue… Nik ordea…”; baina beste pauso bat eskatuz. Eta Ebanjelioan ideia bat errepikatzen denean oso garrantzitsua dela esan nahi du. Are gehiago: intentsitatea goraka doala. Horren adierazpena, gaurko zatiko azken esaldia dugu: “Izan zaitezte, beraz, guztiz onak…”. Hau da: eman ezazu zure burua erabat. Noski, erraza ez da. Kontutan edukiz, pertsonak mugatuak garela. Guztia ezin izango dugu, baina ahal dugun guztia, bai. Geure esku dago saiatzea, zentzunez eta sakontasunetik bizi nahi badugu. Baina, bestalde, gure saiakerak indarra eta kemena eduki ditzan, Mateok beste zehaztapen bat esaten digu: “Egin otoitz”. Noski, besteen alde egiteko esaten digu; baina, lehenik eta behin, otoitz egiteak norberaren bihotza, izaera zabaltzea eskatzen du Egiazko Hitza den Hura entzuteko eta jasotzeko. Eta atzo eta gaur Jesusek zerbait esaten badigu hauxe da: “Entzun nire hitza”. Prest ontasun bide horretan, entzunez, aurrera egiteko?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Ez da erronka makala. Beraz, are beharrezkoagoa, izan, Hitzaren txatal honek gogorarazten diguna. Eskerrik asko.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude