
Sufi[1] tradizioan istoriotxo hau kontatzen da:
“Handiki batek behartsu zarpail bat aurkitu du lurrean jarrita, eta zilarrezko bi txanpon eman dizkio. Handik laster, behartsu berarekin topo egin du azokan: poz-pozik eta dirdaitsu ikusi du, arrosa eder bat eskuan duela. Eta galdetu dio: ‘Ez al zara zu oraindik orain aurkitu dudana?’ ‘Bai, neu naiz’, erantzun dio. ‘Eta zer egin duzu bi zilar-txanponekin?’, galdetu dio berriro. Eta besteak: ‘Batekin ogi bat erosi dut, bizi izateko, eta bestearekin arrosa hauxe, zergatik bizi izana izateko’.”[2]
Istoriotxo horrek, bere soiltasunean, Espiritu Gurenaren oinatza dakar zentzu batean baino gehiagotan.
Ogia, hots, “bizi izatekoa” nahitaezkoa da giza bizitzan eta horrexegatik eskatzen dugu kristauok “Gure Aita” otoitzean. Nahitaezkoa bai, baina ez da nahikoa. Giza bizitzaren gakoa da “zergatik bizi izana” izatea. Zergatik bizi izana duenak baliabideak (bizitzeko behar beste ogi) aurkituko ditu. Zergatik bizi izanik gabe geratu denak, berriz, guztia galdu du.
Hala ere, bizitzeko edozein arrazoik ez du balio. Arrosa, bere soiltasunean eta txikitasunean, edertasunaren sinboloa da (poza eta dirdira dakartzana), giza bizitza hauspotzen eta betearazten duenaren sinboloa.
Horra hor Espiritu Gurenaren sinbolo ederra.
Espiritu Gurenak berpizten digu kristau izateko arrazoia, oinarrizko zentzua. Horrez gain, Espiritu Gurenak kristautasunaren mugak apurtzen ditu eta islamiarrak, juduak, hinduistak, ateoak, etab., hots, bizitzan edertasunaren bila ari diren oro hauspotzen ditu “zergatik bizi izana”-k dakartzan edertasuna, poza eta distira, azken batean, bizipoza izateko.
[1] Islameko korronte mistikoa da sufismoa, zaharra, oso hedatua eta esanguratsua.
[2] ARREGI, J., Oinatzak bidean. Erlijioen historia, Deustuko Unibertsitatea, Bilbao, 2004, or. 305. Letra lodiz nabarmenduta dagoena ez dago nabarmenduta jatorrizko testuan.
0 Comments