HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Ekainak 11
Aldi hartan, Jesusek esan zien apostoluei: «Bidean zoaztela, hots egin hurbil dela zeruetako erreinua. Senda itzazue gaixoak, piztu hildakoak, garbitu legenardunak, bota deabruak. Hutsean hartu duzue, eman hutsean. Ez eraman urrerik, ez zilarrik, ez dirurik gerrikoan; ez zakutorik biderako, ez soinekorik aldatzeko, ez oinetakorik, ezta makilarik ere, zor baitzaio langileari behar duen jatekoa. Edozein herritan nahiz auzotan sartzen zaretela, jakizue ba ote den konfiantzazko inor, eta gelditu haren etxean, herri hartatik atera arte. Etxean sartzean, egin bake-agurra; etxekoak duin badira, hel bekie zuen bakea; duin ez badira, berriz, zuen bakerik gabe geldituko dira».
Mateo 10, 7-13.
Ebanjelizazioaren premiaz ari gara Elizan, Vatikano II. kontzilioaren ondorioz. Bihotz berritze pastoralera deituak gaude sekularizazioak eraldatzen ari diren gizarteetan Ebanjelioaren lehen hots egitearen poza suspertu dezan Espirituak. Izan ere, bizi dugun egoeraren aurrean larritu gaitezke, oraingo elizegiturari eta ereduari eutsi nahian. Horrelakoetan, Ebanjelioa ez da gertatzen gure interesaren ardatza, ez gure ekimenen iturri ere, baizik egitura eta erakunde eredu bat, eta honek irauteko behar duena bermatzeko urduritasuna.
Jesus maisua da dagoeneko gu misiorako eskolatzen hasi dena, apostoluekin egin zuen bezala. Gogoz behartsu direnen zoriontasuna bizitzera bidaltzen ditu Jesus Jaunak apostoluak. Besteen beharrei adi, Berri Ona zein bizigarria den erakutsi ahal izateko, hitzez eta egitez. Bakea bizi dugula barnean, harreman osasungarrien sortzaile. Soilik horrela gerta daitezke hurbil den zeruetako erreinuaren lekukoak.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments