HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Ekainak 9
Aldi hartan, Jesus etxera itzuli zen bere ikasleekin. Berriro ere jendetza handia bildu zen, eta ezin zuten otordurik ere egin Jesusek eta ikasleek. Jesusen ahaideak, hori jakitean, hura hartu eta eramateko asmotan etorri ziren, burutik egina zegoela esaten baitzuten. Jerusalemdik jaitsitako lege-maisuek hau zioten Jesusi buruz: «Beeltzebul dauka honek barruan», eta «Deabruen buruzagiaren indarrez botatzen ditu honek deabruak». Jesusek beregana deitu eta parabola hauen bidez hitz egin zien: «Nola bota dezake Satanasek Satanas? Bere baitan zatiturik dagoen erreinuak ezin du iraun. Bere baitan zatiturik dagoen familiak ezin du iraun. Era berean Satanasek ere, bere buruaren aurka jaiki eta zatiturik baldin badago, ezin du iraun; harenak egin du. Ez daiteke inor sartu indartsu baten etxean lapurretara, aldez aurretik hura lotzen ez badu; orduan, bai, harrapa ditzake haren etxeko ondasunak. Benetan diotsuet: Dena barkatuko die Jainkoak gizakiei, bekatuak eta esan litzaketen birao guztiak; baina Espiritu Santuaren aurka birao egiten duenak ez du sekula barkamenik izango; errudun izango da betiko». Espiritu gaiztoa zeukala ziotenei erantzun zien hau. Jesusen ama eta anai-arrebak etorri ziren eta, kanpoan gelditurik, deiarazi egin zuten. Jende asko zegoen Jesusen inguruan eserita, eta esan zioten: «Aizu, hor dituzu kanpoan ama eta anai-arrebak, zeure bila». Jesusek erantzun zuen: «Zein dira nire ama eta anai-arrebak?». Eta, inguruan eserita zituenei begiratuz, esan zuen: «Hauek ditut Nik ama eta anai-arreba. Jainkoaren nahia egiten duena, horixe dut Nik anaia, arreba eta ama»
Markos 3, 20-35.
Jainkoak agindu digun misioa ez da erraza inorentzat. Ez zen hala izan Jesusentzat, ezta hari jarraitu nahi diogunentzat ere. Aurkakotasuna, arbuioa, ulertezintasuna beti daude presente. Egiten dituen zeinuak gorabehera, erlijio-arloko espezialistak eta agintariak haren aurka agertzen dira. Eroso sentiarazten dituen “egia” bat eraiki dute, eta bertatik ez dute atera nahi; itxita daude. Jesusen predikuak eta zeinuek, berriz, zalantzan jartzen du bere munduari zentzua ematen dion eraikitako “egia”, eta kolokan uzten du bertan aurkitutako erosotasuna. Ondorioz, bortizki erantzungo dute. Oztopo bakarra ez zen, ordea, eta Jesusek bere familiaren ulertezintasuna ere jasan behar izan zuen. Jesusek hartutako bidea ezin zuten ulertu, eta ero bihurtu zela usteraino iritsiko ziren. Ahaideek Jesusengan izan zitzaketen espektatibak zapuztuak ziren kasu honetan.
Honela, Ebanjelioak Jesusek misioaren kostua jasan behar izan zuela erakusten digu. Hari jarraitu nahi diogunok ere kostu hori hartu beharko dugu. Kostu handia da, gainera, bidean urteak daramatzagunok dakigunez. Baina, bestalde, saihestezina da, ebanjelioa erokeria baita munduarentzat, eta korrontearen kontra joango baita beti. Horren aurrean, Jesusek erantzun bakarra ematen digu: libreki onartu genuen aukerarekiko eta hari eman genion baietzarekiko fideltasun hautsiezinari eutsi behar diogu.
Kristoren aurrean, gaurko pasartea begiratu eta hausnartu; eta berarekiko elkarrizketan eskaiozu zu haren zailtasunekin eta sufrimenduekin identifikatzeko, baita hark zuri misioari fidel jarraitu ahal izateko indarra emateko ere.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments