HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Ekainak 8

Jesusen gurasoak Jerusalemera joaten ziren urtero erromes Pazko-jaietan. Jesusek hamabi urte bete zituenean, Jerusalemera igo ziren jaietara, ohitura zen bezala. Jaiegunak bukaturik gurasoak etxerantz abiatu zirenean, Jesus haurra Jerusalemen gelditu zen, haiek jakin gabe. Erromes-kideen artean zetorrelakoan, egun bateko bidea egin ondoren, haren bila hasi ziren taldeko ahaideen eta ezagunen artean. Eta aurkitzen ez zutelarik, Jerusalemera itzuli ziren haren bila. Hiru egunen buruan, tenpluan aurkitu zuten, irakasleen artean eserita, haiei entzuten eta galdezka. Entzuten zioten guztiak txunditurik zeuden erantzunetan azaltzen zuen argitasunagatik. Gurasoak, ikusi zutenean, harriturik gelditu ziren, eta amak esan zion: «Seme, baina zergatik egin diguzu hori? Horra nolako atsekabez ibili garen aita eta biok zure bila!». Hark erantzun zien: «Zergatik ibili zarete nire bila? Ez al zenekiten Nik neure Aitaren etxean egon behar dudala?». Haiek, ordea, ez zuten ulertu zer esan nahi zien. Jesus Nazaretera jaitsi zen haiekin, eta haien menpean bizi zen. Haren amak bere bihotzean gordetzen zituen gauza hauek guztiak.

Lukas 2, 41-51.

Jainkoaren kontuak, asmoak eta jarduteko modua ulertzea oso zaila izan daiteke. Josek eta Mariak ez zuten ulertu Jesusen jokabidea. Jesusi egin zuenari buruz galdetu ziotenean, erantzuna malkartsua eta gordina izan zen maitasunezko kezkatik jardun eta galdetu zutenentzat. Mariak ez du Jesusen erantzuna ulertzen, baina ez dio uko egiten. Berarentzat gorde eta bihotzean hausnartzen du. Azkenean ulertuko du, baina lehenik urte asko igaroko dira, Nazareteko bizitzaren egunerokotasunean. Fedea da, berriz ere, bizi duguna eratzen duena. Asko gara Jainkoak gurekin egiten duena ulertzea erraza ez dela ezagutu ahal izan dugunok. Halakoetan gaurko ebanjelioak fedea izateari eta Jainkoarenganako konfiantzari eusteko dei egiten digu, orain ulertu ezin duguna Jainkoak dagokion garaian argituko digulakoan. Jainkoak bere bideak eta bere epeak dauzka, eta gauzak gure onerako egiten ditu. Hori hala dela sinistera deituak gara, Mariaren modura.

Jainkoaren aurrean, berarekiko elkarrizketan hausnartu gaurko ebanjelioa.

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude