HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Ekainak 7
Pazko-jairako prestaketa-eguna zen, eta juduek ez zuten nahi larunbatean gorpuak gurutzean gelditzerik, larunbat hura oso jaiegun handia baitzen. Horregatik, gurutziltzatuei berna-hezurrak hautsi eta handik kentzeko eskatu zioten Pilatori. Joan ziren, bada, gudariak eta berna-hezurrak hautsi zizkieten Jesusekin gurutziltzatutako biei; baina, Jesusengana iritsi zirenean, ordurako hilik zegoela ikusirik, ez zioten berna-hezurrik hautsi, baizik eta gudari batek lantzaz saihetsa zulatu zion, eta bat-batean odola eta ura atera ziren. Ikusi zuenak berak aitortzen du eta egiazkoa da haren aitormena. Hark badaki egia dioena, zuek ere sinets dezazuen. Liburu Santuak dioena bete zedin gertatu zen hau: «Ez diote hezurrik hautsiko». Eta beste pasarte batean hau dio: «Zulatu zutenari begiratuko diote».
Joan 19, 31-37.
Gaurko ebanjelioa gizakiok kanpotik ikusten dugunaren eta Jainkoa egiten ari denaren artean dagoen kontrastea agertarazten duen testu horietako bat da. Jesusen heriotzaren berri ematen digun eszenak, egia esan, bizitza iragartzen digu. Jesusen gorputza zulatzen duen lantzak bataioaren ura eta Eukaristiaren odola sortarazten ditu. Bizituko gaituen Espirituaren bizia da. Jainkoak gauzak egiteko duen moduak nahasketa sortzen digu. Paradoxazalea da Jainkoa, baina haien bidez, errealitateari itxaropenez begiratzen irakasten digu. Itxuraz ikus dezakeguna baino haratago, porrota eta heriotza deritzogun horretan Jainkoak bizitza sortzen ari daiteke, azken finean, Bera bizitzaren eta historiaren Jauna eta Jabea baita.
Kristoren aurrean, gaurko pasartea begiratu eta hausnartu, eta berarekiko elkarrizketan eskaiozu zure bizitzan porrot eta heriotza modura ulertzen duzun guztia haren begiradaz ikusten lagun diezaiozun.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments