HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Ekainak 5
Aldi hartan, saduzear batzuk etorri zitzaizkion Jesusi (saduzearrek ez dute onartzen hildakoak pizten direla). Eta galdetu zioten: «Maisu, Moisesek idatzi zigun: “Norbaiti anaia hiltzen bazaio, emaztea seme-alabarik gabe utziz, ezkon bedi alargunarekin, anaiari ondorengoa emateko”. Behin batean, baziren zazpi anaia. Zaharrena ezkondu eta seme-alabarik gabe hil zen. Bigarrena alargunarekin ezkondu zen, eta seme-alabarik gabe hil zen; berdin hirugarrena ere. Horrela, zazpiak ondorengorik gabe hil ziren. Azkenik, hil zen emakumea ere. Piztuerakoan, hildakoak piztuko omen direnean, zeinen emazte izango da, zazpiek izan baitzuten emazte?». Jesusek erantzun zien: «Ez ote zabiltzate oker, Liburu Santuek dioten hori eta Jainkoaren ahalmena ezagutzen ez dituzuelako? Izan ere, hildakoak piztean, ez da inor ezkonduko; zeruko aingeruak bezala izango dira denak. Gainera, hildakoen piztueraz, ez al duzue irakurri Moisesen liburuan, sasia sutan zegoeneko pasartean, Jainkoak berak nola esaten dion: “Ni Abrahamen Jainkoa, Isaaken Jainkoa eta Jakoben Jainkoa naiz?”. Ez da hilen Jainkoa, biziena baizik. Oker zaudete oso».
Markos 12, 18-27.
Gaurko ebanjelioa irakurritakoan, benetan gogoko ditudan Jakinduria liburuko pasarte bat (11,24-12,1) burura etorri zait. Jainkoak biziarekin duen konpromiso hautsiezina argitasun osoz erakusten du:
“Izaki guztiak maite dituzu
eta ez duzu zeuk egindako ezer gutxiesten,
zerbaiti gorroto izan bazenio, ez baitzenukeen egingo.
Nola iraungo luke zerbaitek, zuk gogoko izan ez bazenu?
Edo nola jarraituko izaten, zuk dei eginda sortu ez balitz?
Zu bihozbera zara izaki guztiekin,
zureak baitira, bizia maite duzun Jaun horrenak,
eta zure espiritu hilezkorra guztiengan dago”.
Jainkoak dena maitasunetik eta maitasunez sortu, eta guri bizitzara dei egin digu, geuk ere maitasunean bizi gaitezen. Horregatik biztuera erabat logikoa da, eta heriotza bizitza betera iristeko atea izan daiteke.
Gaurko pasarteak beste irakasbide ere ematen digu. Bizitza berri hori gizakiok pentsa dezakegunaren oso bestelakoa izango da. Mundu honetan giza harremanak eraikitzeko eta bizitzeko erabiltzen ditugun kategoriek ez dute balio izango bizitza berrian, Jesusek zazpi senarrekin ezkondutako emakumeari buruzko galderari ematen dion erantzunak agertzen duenez. Garai hartako testuinguruan, galderak ezkutatu egiten du kezka bat, hau da: zazpi senarretatik zein den emaztearen jabegoa izango duena, berpiztu ondoren.
Jainkoaren baitako bizitza berrian, ordea, maitasunean oinarritutako benetako bizitza mugatu edo baldintzatu dezakeen edozein giza kidetasun gainditua izango da. Kristorenak eta haren bidez Jainkoarenak bakarrik izan gaitezke (ik. 1 Kor 3,26).
Urtarrilean joan zitzaigun ama, baina itxaropenez bizi ahal izan genuen Jesusek agindutako bizitza berriaren itxaropenean. Opari polita, oso berezia izan zen. Jesusen aurrean, berarekin hitz eginez, maite dituzun pertsonen partida nola bizi duzun eta nola bizi izan duzun hausnartzera animatzen zaitut.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments