HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Ekainak 4
Aldi hartan, fariseuen eta Herodesen alderdiko batzuk bidali zizkioten Jesusi, hitzen batean harrapatzeko asmoz. Etorri eta esan zioten: «Maisu, badakigu egiazale zarela eta ez dizula axolarik inoren zeresanak; Zuk ez diozu gizakiaren itxurari begiratzen, baizik eta Jainkoaren bidea behar bezala irakasten duzu. Zilegi da Zesarri zerga ordaintzea ala ez? Ordaindu behar diogu ala ez?». Baina Jesusek, haien azpikeriaz oharturik, esan zien: «Zergatik zatozkidate zirika? Ekarri txanpon bat, ikusteko». Ekarri zioten, eta Jesusek galdetu zien: «Norenak dira irudi eta izen hauek?». Haiek erantzun: «Zesarrenak». Jesusek, orduan: «Emaiozue Zesarri Zesarrena eta Jainkoari Jainkoarena». Eta txunditurik gelditu ziren.
Markos 12, 13-17.
Gaurko ebanjelioaren pasarteak era askotako interpretazioak izan ditu historian zehar. Pasartearen zentzua ulertzeko lagungarri gisa hartuko dut Senen Vidalek hari egiten dion iruzkina (1).
Buruzagi jerosomolitarren aurkako liskar eta mehatxuek (12,13-44) ondo isladatzen dute Jesusen jokaerak Jerusalemen aurkitu zuen oposizioa eta tentsioa. Erresuma mesianikoaren eszenatokiak nahitaez sortarazi behar zuen Zesarri zerga ordaintzearen auzia. Testu honen oinarrian Jainkoaren subiranotasunaren auzia dago, zergen ordainketa subirotasunaren aitortzari lotuta baitzegoen. Horrela, Zesarri zerga ordaintzea Zesar, eta ez ordea Jainkoa, subirano bezala onartzen zelako seinaletzat har zitekeen. Jesusen erantzunak herriko buruzagiek, fariseuek eta herodiarrek besteak beste, Zesarren diru idolatrikoarekin egiten duten negozioari mozorroa kentzen dio. Honela, Jesusen erantzunak buruzagiek haien negozioen trafikoaz eskuratutako dirua diruaren jabea den Zesarri itzultzea agintzen du. Baina aldi berean, Jesusek gizakiaren jauna den Jainkoari gizakia izatearen dohainaz hartu duten zorra ordaindu behar diotela ohartarazten die. Testuak ez ditu bi eremu bereiztu nahi, bata zibila eta bestea erlijioari dagokiona, askotan azaldua izan denez. Bereizketa horren ordez, Jesusek agerian uzten du Jainkoak gizakiaren bizitzan duen erabateko jauntasun bakarra; hauxe da Jainko sortzailearen erreinuaren ezagutza. Denaren sortzailea eta jabea den Jainkoaren subirotasun hori da, hain zuzen, botere orori, baita diruari beti lotuta dagoen Zesarren boteari ere, dagokion lekua ematen diona.
Kristoren aurrean pasartea begiratu eta hausnartu. Nor hartzen duzu zuk erregetzat bizitzan? Zergatik?
(1) Vidal, Senén (2015), “Nuevo Testamento”, Sal Terrae, 307-8 orr.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments