Zuloan sartuta

2024 Eka 3

Liburua: La Caverna
Egilea: Jose María Guibert
Argitaletxea: Catarata (2024)

Jose Maria Guibertek bere aitaren bahiketa kontatzen digu liburu honetan. Jesús Guibert Azcue, Marcial Ucín enpresako gerentea, 1983an bahitu zuten Komando Autonomo Antikapitalistek. Hiru astez egon zen bi bahitzailerekin Arauntza mendiko koba ilun batean sartuta.

Lehen pertsonan idatzia dago liburua, bahituaren eguneroko modura. Aldi berean, erreskatea ordaindu eta bahituaren askatasuna lortzeko senitartekoen gestioak kontatzen zaizkigu ere. Garai latz haien deskribapen zorrotza eskaintzen digu liburuak eta terrorismoak eragiten zituen eztabaida etiko eta politikoak azaltzen dizkigu.

Idazleak epilogoan esaten duen bezala, sinestezina irudituko zaio askori baina “hau gertatu zen” (187. orr.). Probetxuzko irakurketa da, adiskidetzearen aldeko beharrezko memoria ariketa delako.

Otoi.eus webgunean ezin dugu liburuak duen beste ezaugarri bat azpimarratu gabe utzi: bere dimentsio espirituala. Exagerazioan erortzeko arriskurik gabe, esango nuke La Caverna ez dagoela liburu erlijiosoen kategoriatik urrun. Kontakizunak bahituaren kristau fede eta praktikak azaltzen dizkigu eta egileak gogoeta erlijioso mamitsuz zipriztintzen du bere lana.

Zein ederra den jazarpen gogorrenean bahitua (eta baita bere familia ere) fedean berotasuna bilatzen aurkitzea; zenbat duintasun dagoen biktimaren mundu ikuskeran (baita bahitzaileekiko duen ikuspegian ere); zein eredugarriak zaizkigun bere izaera eta konpromisoa; bere enpresari bokazioa.

Eta zein eskertzekoak egileak modu zintzoan azaltzen dituen dilema, ahultasun, zalantza eta diszernimenduak: bahituarenak eta larritasunez beterik haren askatasuna lortu nahi zuten senitarteko eta lagunenak.

Argazki osoa lortzeko falta zaigun testigantza bahitzaileena da. Zer pentsatzen zuten orduan? Zer diote gaur? Jesus Guibert konbentzituta zegoen bahitzaileek urteak igarota gaztetan egindako astakeriak ulertuko zituztela, “zentzurik etzuela izan ikusiko dute, samina eragin zutela eta herria lotsarazi” Eta honakoa opa zien: “Jainkoak aldarazi ditzala eta barka ditzala! Jainkoak beti barkatzen du, besterik da guk hori sentitu edo sinesten dugun” (180. orr.).

Jainkoak ez ezik, agerikoa da egileak, biktimaren semeak, duen barkatzeko gaitasuna. Mezu espliziturik bidaltzen ez badu ere, esango nuke bahiketa hura egin zutenei besozabalik eta bihotz-zabalik idatziriko liburua dela La Caverna. Ederra litzateke kontakizunak atal berria izatea noizbait (idatzia edo idatzi gabea), egindakoaren aitortza eta adiskidetzearen bizipenarekin. Zulotik guztiz irteteko modua litzateke. Ederra batez ere bahitzaileentzat; ederra gu guztiontzat (xehetasunak ezagutu beharrik ez badugu ere); ederra, Jainkoaren begietan.

Oihartzunak (3 oihartzun daude)
L

3 Comments

  1. Eskerrik asko Xabier. Liburua irakurtzeko gogoa baino ez digu lagatzen zure idazkiak.

  2. Ederra benetan, Marisabelek dioen bezela liburua eskuratu eta irakurtzeko irrikitan.
    Atzoko artikuluan ere irakur zitekeen une oso gogorrak izan arren, gorrotorik ez zegoela. Irakaspen bikaina dudarik gabe!

  3. Oso jakingarria, eskerrik asko.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.