HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Ekainak 2

Legamiagabeko lehen-eguna zen, pazko-bildotsa hiltzen zuten eguna. Ikasleek galdetu zioten Jesusi: «Non nahi duzu pazko-afarirako prestaketak egitea?». Hark ikasleetako bi bidali zituen, esanez: «Zoazte hirira, eta ur-suila daraman gizon bat aurkituko duzue; jarrai iezaiozue, eta sartuko den etxeko nagusiari esan: «Maisuak galdetzen du non duen ikasleekin pazko-bildotsa jateko tokia». Hark gela handi bat erakutsiko dizue goian, jantzirik eta atondua. Prestatu hantxe behar ditugunak». Joan ziren ikasleak eta, hirira iristean, Jesusek esan bezala aurkitu zuten dena, eta pazko-afaria prestatu zuten. Afaltzen ari zirela, Jesusek ogia hartu zuen eta, bedeinkapen-otoitza eginez, zatitu eta eman zien, esanez: «Hartzazue: hau nire Gorputza da». Gero, edalontzi bat hartu eta, esker onezko otoitza esanez, eman zien, eta denek edan zuten bertatik. Eta esan zien: «Hau nire Odola da, itunaren Odola, askoren alde isuriko dena. Benetan diotsuet: Ez dut gehiago ardo honetatik edango, Jainkoaren erreinuan ardo berria edango dudan eguna arte». Gorazarreak abestu ondoren, Oliamendirantz atera ziren.

Markos 14, 12-16. 22-26.

Itun berrian tradizio asko daude eta, antza denez, horietako batzuek ez zuten elkarren berri. Baina tradizio guztietan pazkoaren narrazioa da mamia ta narrazio horretako osagai faltaezina da azken afariaren oroitzapena. Elizaren erroetan dago, Elizaren ernamuina baita.

Elizak, gaurko ospakizunean, gure fedearen erdigunea gogoratzen digu, fedearen mamia  gonbidatzeko.

Gizaldiz gizaldi, kristau fedearen erdiguneko aitortza da Jesus, Kristoa dena, bizirik dagoela eta berarekin bat egitera gonbidatzen gaituela. Berarekin bat esapideak harremana iradokitzen du, Jesusekiko harremana eta lagun hurkoarekiko harremana, sufrimenduak jota dagoen lagun hurkoarekikoa batez ere. 

Jesusek deituta, hari jarritzera gonbidatuak daude sinestunak. Jarraipen horretan komunitate berri bat sortzen da, Jesusen izenean bilduta, Jesusen bizia (Gorputza eda Odola) partekatzen duena, Jesusen presentzia bihurtzen dena giza historiaren barnean, Jesusen logika praktikatuz. Elkartasun-Gorputz hori ez da giza esfortzuaren ondorio etikoa, Espiritu Santuaren emaitza baizik, baina giza ahuleziaz abiatzen da giza historian eta giza historia bezain kontraesankorra da, giza historia baita.

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude