HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Ekainak 1
Aldi hartan, Jesus eta ikasleak Jerusalemera etorri ziren berriro. Jesus tenpluan zebilela, apaizburuak, lege-maisuak eta zaharrak hurbildu zitzaizkion, galdezka: «Zein aginpidez jokatzen duzu horrela? Zeinek eman dizu horretarako aginpidea?». Jesusek erantzun zien: «Nik ere gauza bat galdetuko dizuet; erantzuidazue, eta nik ere esango dizuet zein aginpidez jokatzen dudan horrela. Joan Bataiatzaileak Jainkoaren aginduz ala giza aginduz bataiatzen zuen? Erantzun!». Haiek hau zioten beren artean: «Jainkoaren aginduz ari zela esaten badiogu, zergatik ez genion sinetsi esango digu. Baina nola esan giza aginduz ari zela?». Honetarako, jendearen beldur ziren, guztiek egiazko profetatzat baitzuten Joan. Beraz, erantzun zioten: «Ez dakigu». Jesusek, orduan: «Ba, Nik ere ez dizuet esango zein aginpidez jokatzen dudan horrela».
Markos 11, 27-33.
“Aginpide” hitza hiru aldiz errepikatzen da testu labur honetan. “Agindu” aditza beste horrenbeste. Ematen du agintzea dela kontua. Bestela, begiratu gure gizarteari, borroka ankerretan bizia odolusten ari den gaurko gure munduari.
Edozein gizartetan oso esanguratsua da boterea nola lortzen den, nola banatzen, nola legitimatzen. Azken batean, boterea da antolamendu (errealitate) soziala iraunarazteko edo aldatzeko gaitasun preziatua edukitzea.
Jesusen gizartean, botere erlijiosoa lege-maisuen eta zaharren eskuetan zegoen. Jainkoarengandik jaso omen zuten. Jesusek, berriz, ezin zuen onartu botere horrek zekarren zuzengabeko eta errukirik gabeko antolamendua; ezin zuen sinetsi jainko hori, eta, hortaz, oso arrisku beldurgarri bihurtu zitzaien orduko boterei (giza antolamenduari).
Agindu aditza oso interesgarria da euskaraz, esnahai askokoa baita: manatu (mandatua egin), hitzeman, eskaini, utzi, baimena eman, besteak beste. Beharbada, esanahi askoko izate hori oso ondo datorkigu Jesusek sinesten duen Jainkoa iradokitzeko. Agintzea zerbitzatzea da, gehienbat, ahulenei bizitza eskaintzea, baina modu berezi batean: behetik, hots, oinak garbitzen. Agintze horrek Jainkoaren presentzia errebelatzen du; agintze hori promesa bat da eta, aldi berean, eskaintza. Jainkoaren izenenan, gure mundua hankaz gora jartzea dakar!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments