HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Maiatzak 31

Aldi hartan, Maria jaiki eta bizi-bizi mendi aldera joan zen, Judeako herri batera, eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin zion. Mariaren agurra entzun zuen orduko, jauzi egin zion Elisabeti haurrak sabelean. Elisabet Espiritu Santuaz bete zen, eta esan zuen oihu handiz: «Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua. Nor naiz ni, nire Jaunaren ama ni ikustera etortzeko? Zure agurra nire belarrietara iritsi orduko, jauzi egin dit haurrak pozez sabelean. Zorionekoa zu, Jaunak esan dizuna beteko dela sinetsi duzulako!». Mariak esan zuen: «Handiesten du nire arimak Jauna, pozaren pozez daukat neure barrua, Jainkoa baita nire salbamena, ikusi baitu mirabe honen ezereztasuna. Horregatik, dohatsu deituko naute gaurdanik gizaldi guztiek, handiak egin baitizkit Ahalguztidunak; santua da haren izena, eta haren errukia gizaldiz gizaldi begirune diotenengana. Bere besoaren indarra erabili du, buru-harroak suntsitu ditu; bota ditu beren aulkietatik ahaltsuak, eta gora jaso ditu ezerezak; ondasunez bete ditu gose zeudenak eta esku-hutsik bidali aberatsak. Lagun etorri zaio bere morroi Israeli, bere errukiaz oroiturik; hala zien gure gurasoei hitzemana, Abrahami eta ondorengoei betiko esana». Mariak hiru hilabete inguru egin zuen Elisabetekin; gero, etxera itzuli zen.

Lukas 1, 39-56.

Emakume biren arteko solasa haien bizitzen gailurrean kokaturik dago, une berezia bizi zutela: biak ala biak haurdun, giza bazterrean, ziurgabetasunaren testuinguruan.

Itun Zaharrean, Jainkoaren izena bi adjektiborekin batera doa behin baino gehiagotan: hanûm we rahûm. Adjektibo biak femeninoak dira. Rahûm-en itzulpena, gehienetan, errukitsua da; hala ere, askoz ere adierazgarriagoa da hebraieraz: emakumearen erraietan dagoen bizia dela-eta, emakumearen erraietako dardara.

Emakume biak haurdun zeuden. Haurdun izate horrek bi zentzu ditu, behinik behin: batetik, haur biologiko bat erraietan eramatea; bestetik, Jainkoaren nahiaz beteak izatea. Haientzat, Jainkoa ez zen kontzeptu bat, lege bat, betebehar bat, beldur bat… inola ere ez! Jainkoa esperientzia esanezin sakona zen haien erraietan, haien bizipenean, eta esperientzia izendaezin horrek poza –bizipoza– eta betetasuna zekarkizkien.

Beren erraietan Jainkoaren bizitza sentituz, Jainkoaren erraietan sentitzen ziren eta, solas bizi sakonean, bizitzaren gailurrean, elkarri komunikatu zioten, nonbait, komunikatu ezina dena.

Jainkoa errukitsua izatearen benetako lekukoak!!

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude