HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Maiatzak 29

Aldi hartan, Jerusalemera bidean gora zihoazen ikasleak, eta Jesus aurretik. Ikasleak txunditurik zeuden, eta jarraitzen ziotenak beldurrez zihoazen. Jesusek Hamabiak berriro beregana bildu, eta zer gertatuko zitzaion adierazten hasi zitzaien: «Begira, Jerusalemera igotzen ari gara, eta Gizonaren Semea apaizburuen eta lege-maisuen esku utziko dute; heriotzara kondenatuko dute eta atzerritarren esku utziko; hauek iseka egingo diote eta listua botako, zigorkatu eta hil egingo dute; baina handik hiru egunera piztuko da».

Santiagok eta Joanek, Zebedeoren semeek, Jesusengana hurbildu eta esan zioten: «Maisu, eskatuko dizuguna Zuk guri egitea nahi genuke». Jesusek galdetu zien: «Zer nahi duzue, bada, Nik zuei egitea?». Eta haiek: «Eser gaitezela bata zure eskuinean eta bestea ezkerrean, Zu zeure aintzara iristean». Jesusek esan zien: «Ez dakizue zer eskatzen ari zareten. Gauza al zarete Nik edan behar dudan kaliza mingotsa edateko, edo Nik murgildu behar dudan uretan murgiltzeko?». «Bai, gauza gara!», erantzun zioten. Jesusek, orduan: «Nik edan behar dudan kaliza mingotsa, bai, edango duzue, baita Nik murgildu behar dudan uretan murgilduko ere; baina nire eskuin-ezkerretan esertze hori ez dago nire esku inori ematea; Jainkoak norentzat duen prestatua, hari emango zaio». Beste hamarrak, hori entzutean, haserre jarri ziren Santiagoren eta Joanen aurka. Jesusek dei egin eta esan zien: «Dakizuenez, herrien buruzagiek mendean hartzen dituzte herriak eta handikiek beren agintea ezartzen diete. Ez du horrela izan behar zuen artean. Zuen artean handi izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari, eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi denen morroi. Gizonaren Semea ere ez baita zerbitzatua izatera etorri, zerbitzari izatera baizik, eta bere bizia denen alde ordainsari ematera».

Markos 10, 32-45.

Jesus bere bizitzaren azken txanpan zegoen. Jainkoaren bideak nondik doazen inoiz baino argiago zeukan.

Haren jarraitzaleek, berriz, ez zuten argitasun hori partekatzen. Ikasleek mesias boteretsu bati jarraitzen zioten, heroe bati, azken borrokan irabazlea izango zenari; ikasleek botore horren partaide izan nahi zuten, eta, horretarako, edozein sakrifizio egiteko prest zeuden. Ikasleak pertsona sutsuak, onak, idealistak ziren, baina haren intentzio on guzti horiek ikasleen arteko liskarrak sortarazi zituzten, Jesusek proposatzen zien iraultza ulertu gabe.

Jesusen iraultza ez da boterea lortzea, kontrakoa baizik, zerbitzari izatea hain zuzen, guztien morroi bihurtzea alegia. Hori da Jainkoa. Horrela dago Jainkoa giza historian. Hori da Jainkoaren iraultza!

Nor dago prest iraultza horretan parte hartzeko?

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude