HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Maiatzak 28

Aldi hartan, Pedrok esan zion Jesusi: «Hara, guk dena utzi dugu, zuri jarraitzeko». Jesusek erantzun: «Benetan diotsuet: Nigatik eta Berri Onagatik etxea, senideak, ama, aita, seme-alabak eta lurrak uzten dituenak, orain, mundu honetan, ehun halako hartuko du: etxe, senide, ama, seme-alaba eta lur, erasoaldiekin batera; eta gero, datorren munduan, betiko bizia. Orain lehenengo diren asko azkeneko izango dira, eta orain azkeneko direnak lehenengo».

Markos 10, 28-31.

Hain hitz gutxitan, nekez esan daiteke hainbeste.

Berriro, betiko bizia da gakoa.

Bi aditz kontrajarrita: utzi eta hartu.

Dena uzten da Jesusi jarraitzeko. Dena uztea konfiantzazko harremanean oinarrituta dago. Erabaki pertsonala da. Agidanez, uztea eta hustea dira nahitaezko pasahitzak betiko biziaren programan.

Uztea eta hustea ahalbidetzen dituen konfiantzazko harreman horretan, doakotasunez, dena hartzen (berreskuratzen) da, gauza bat izan ezik: aita (bigarren zerrendan desagertzen baita). Jesusengatik, dena uzteak eta husteak harreman mota berri bat dakarte, non aitaren boterea lekurik gabe geratzen den.

Hortaz, ama da beste pasahitza programan, ama baita harreman berri horretako antolamenduaren logika.

Mundua hankaz gora jartzen du Jesusek (lehenengoak eta azkenekoak trukatuta); hori, ordea, larrutik ordaintzen da (erasoaldiak) boterearen eta logika patriarkalaren kultura batean.

Antza denez, beste logika batean bizitzen ausartzen garenean, betiko bizia mundu honetako denbora iheskorrean hasten da Jesusen eskutik.

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (3 oihartzun daude)
L

3 Comments

  1. Avatar

    Hara! Bigarren zerrendan aitaren desagerpenarena, benetan bitxia! Eta a ze zukua ateratzen dion iruzkinak! Eskerrik asko!

  2. Luzio Uriarte

    Eskerrik asko Xabier zure iruzkinagatik
    Bai, datua oso bitxia da; hala ere, ez da bitxikeria, harribitxia baizik.
    Baten batek pentsa lezake testua idatzi zuenaren huts bat izango zela. Aspaldidanik G. Lohfink-ek (hogeigarren mendeko exegetarik onenetarikoa) erakutsi zuen ideia hori berbera ebanjelioetako hainbat pasartetan agertzen dela; hortaz, kultura berri baten proposamen trinkoa eta koherentea da, nahiz eta erdi ezkutuan geratu. (Gehiago jakiteko ikus daiteke: Gerhard Lohfink, “La Iglesia que Jesús quería. Dimensión comunitaria de la fe cristiana”, 3. argitalpena. DDB, Bilbo 1998, 49-60 or.

  3. Avatar

    Eskerrik asko!

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude