HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Maiatzak 27
Aldi hartan, Jesus abiatzera zihoala, gizon bat etorri zitzaion lasterka eta, aurrean belaunikaturik, galdetu zion: «Maisu ona, zer egin behar dut betiko bizia ondaretzat jasotzeko?». Jesusek erantzun zion: «Zergatik esaten didazu ona? Inor ez da ona, Jainkoa besterik. Badakizkizu aginduak: ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin gezurrezko testigantzarik, ez egin kalterik, hartu aintzat aita-amak». Hark, orduan: «Maisu, gazte-gaztetandik bete izan dut hori guztia». Jesus maitasunez begira jarri zitzaion, eta esan: «Gauza bat besterik ez zaizu falta: zoaz, saldu daukazun guztia eta eman behartsuei, eta altxorra izango duzu zeruan; gero, zatoz eta jarraitu Niri». Hitz hauek entzutean, ilun jarri zen gizona eta nahigabez joan, ondasun handien jabe baitzen. Orduan, Jesusek, ingurura begiratuz, esan zien ikasleei: «Bai nekez direla aberatsak Jainkoaren erreinuan!». Harriturik utzi zituen honek. Baina Jesusek berriro ere: Ene semeok, zaila da benetan Jainkoaren erreinuan sartzea! Jostorratzaren begitik gamelua igarotzea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino», Ikasleek, gero eta harrituago, elkarri ziotsaten: «Nor salba daiteke, orduan?». Jesusek begira-begira jarri eta esan zien: «Gizakiarentzat ezinezko da, baina Jainkoarentzat ez, dena baitezake Jainkoak».
Markos 10, 17-27.
Kristau fedea, erlijio askoren artean, beste bat da. Kristau fedeak ezaugarri ugari partekatzen ditu beste erlijio tradizioekin eta puntu batean bereizten da: Nazareteko Jesus, Kristo izendatuan.
Hortaz, kristau izatea elkarrizketa batean oinarrituta dago, Jesusekin –Kristoa denarekin– ari den etengabeko elkarrizketan, hain zuzen.
Kristautasunak, erlijio gehienek bezala, “betiko bizia” delakoaz galdetzen du.
Galdera horri helduz, gaurko testuan, Jesusekin izandako elkarrizketan, hiru oinatz agertzen dira.
Betiko bizia gutxieneko etika bati lotzen zaio: pertsona etikoa izan eta kito! Erantzun unibertsala. Horrek zure barne bilaketa asetzen badu, nahikoa, ez eman buelta gehiagorik. Berdin da zein den zure erlijioa edo zure sinesmena.
Hala ere, zure barne muina, ase gabe, egarri bada eta, nolabait, betiko bizia oraingo bizi iheskorrean bizi nahi baduzu, landu Jesusekiko harreman hori. Baina, kontuz, harreman hori ez baita pertsona ona izateko, ezta heriotza ondorengo bizia lortzeko ere, baizik eta, oraingo bizia partekatuz, betiko bizia esperimentatzeko, baina bizia bera galduz.
Hirugarren oinatza: edozein dela gure aukera, betiko bizia ez da gure esfortzuen fruitua, gure eskuz haragoko dohaina baizik.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments