HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Maiatzak 26

Aldi hartan, Hamaika ikasleak Galileara joan ziren, Jesusek adierazi zien mendira. Ikusi zutenean, gurtu egin zuten; batzuk, ordea, zalantzan zeuden. Jesus, hurbildurik, honela mintzatu zitzaien: «Aginpide osoa eman dit Jainkoak zeru-lurretan. Zoazte, bada, eta egin herri guztiak nire ikasle, Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean bataiatuz, eta Nik agindu dizuedan guztia betetzen irakatsiz. Eta Ni zeuekin izango nauzue egunero munduaren azkena arte».

Mateo 28, 16-20.

Pasarte honetan Jesusen bultzada jasotzen dute ikasleek mundura eta haien bizitza arruntera joateko.

Ziklo baten antzera, ebanjelio motz honetan, hainbat giltzarri ikus ditzakegu: deia jaso, Jaunaren besarkada sentitu eta bidaliak izan norebera bere Galileara.

Jesusen deia jasotzen dute ikasleek berak esandako mendira joateko. Gure fedea eta Jesusi jarraitzeko grina dohaia da, ez da guk gure borondatez sortutako zerbait.

Ondoren, ikasleek Jesus gurtu egin zutela esaten digu testuak: Jaunaren ondoan gaudenean, otoitzean esate baterako, miresmena eta misterioaren handitasunaren aurrean gurtzeko jokabidea eta beharra sortzen da Bere besarkada sentitzen dugulako.

Gero, Aitaren nahiarekin bat egiten duela adieraziz, “zoazte” esaten die Jesusek ikasleei: gu ere bidaliak gara gure eguneroko Galilean Jaunaren maitasunezko erreinua eraikitzera eta zabaltzera. Baina hau ez da gure misioa, Jesusena baizik. Gu ere Jesusen misioaren kolaboratzaile bilakatzera deituak gara jakinda Bera gurekin egongo dela. Ardura eta kezka sor daiteke Jesusek esan eta agindutako guztia bete eta irakastera joatean, baina Aita, Semea eta Espiritu Santuaren indarraz eta haien hatsa sentitzen dugularik, beste modura egin daiteke.

Senti dezagun bada, gu ere gure Galilean, gure tokian eta eguneroko bizitzan, Jesusen erakutsiak eta aginduak betetzeko deituak garela, Bera gurekin egongo dela esan baitigu, eta Aita, Semea eta Espiritu Santuaren indarraz eta laguntzaz, bidaliak.

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (1 oihartzun daude)
L

1 Comment

  1. Avatar

    Hirutasun guztin santuaren egunerako oso egokia ikusten dut iruzkina. Jesusen misioan bat egiten gaituelako deituak gara. Eskerrak eta bedeinkapena biziera kontenplatiboan ora et labora aritzen direnei. hori ere Jesusen misioan parte hartzen deituak direlako.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude